D3M eta Askatasunaren aurka apirilaren 30ean Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatuko den epaiketaren harira, lehen batzar irekia burutu zen atzo arratsaldean. Herri batzorde bat osatu da, besteak beste hastear den epaiketa salatu, eta auziperatuak dauden 13 euskal herritarrei elkartasuna adierazteko, modu berezian, auziperatuen artean dagoen Agurtzane Solaberrieta usurbildarrari. Usurbileginez.com web orrialdeak jaso duenez, atzoko bilkuran epaiketaren inguruko nondik norakoen berri eman zen eta epaiketaren harira, egin daitezkeen ideien zerrenda proposamen bat planteatu zen. Proposamenok lantzeko hain zuzen, asteazken honetarako, bigarren batzar ireki bat deitu dute, ordu eta leku berean; arratsaldeko 19:00etan hasita, Potxoeneako goiko aretoan.
Epaiketa gastuei aurre egiteko laguntza kanpaina jarri da martxan
Apirilaren 30ean hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa. 13 euskal herritar auziperatu dituzte, tartean Agurtzane Solaberrieta. Epaiketa gastuei aurre egiteko, laguntza kanpaina bat abiarazi da, herriz herri, mezu honen bidez: "luza diezaiegun bostekoa auziperatuei, eskuz esku justiziaren injustizia ikusarazteaz gain, epaiketa politikoen aurka kalera ateratzeaz gain eman diezaiegun gure babes ekonomikoa ere. Lagun ditzagun apirilean epaituak izango diren D3Mko kideak gure bostekoa luzatuz", deitu dute. Bost euroko bonoak eskuratzeko aukera izango da. Edota kontu korronte honetan ere ekarpenak egin ahalko dira: 3035 0095 94 0951113417.