Hamabi egun barru Madrilgo Auzitegi Nazionalean D3M eta Askatasunaren aurka hasiko den epaiketaren harira, aipatu auzia salatu eta 13 auziperatuei, modu berezian, Agurtzane Solaberrieta herritarrari elkartasuna adierazteko herri batzorde bat osatu da Usurbilen. Astelehenean burutu zen lehen bilkura. Epaiketaren nondik norakoen berri emateaz gain, asteotan burutu ahal izateko hainbat proposamen planteatu zirela berri eman du Usurbilgo Ezker Abertzalearen web orrialdeak. Proposamen horiek lantzeko, gaur arratsaldeko 19:00etarako bigarren batzar irekia deitu dute, Potxoeneako goiko aretoan.
Herritarrak gaurko eta datozen asteotarako lotu diren ekimenetan parte hartzera deitzen dituzte. “Egoerarekin kezkatuta gauden herritar batzuk bildu egin gara eta herrian batzorde bat eratu dugu injustizia eta eskubide urraketa hauek salatzeko. Zuri ere horretarako deia egin nahi dizugu. Epaiketa hau salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko egingo diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dizugu, guztion ahalegintxoaren bidez, guztion artean sabel kolektiboa eraiki dezagun, matrioska sabela hain zuzen ere”, adierazi dute.
Agerraldia igandean
D3M eta Askatasuna ETAren aginduz sortzea egotzita, fiskalak 7 eta 9 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu auzi honetan auziperatuak dauden hamahiru euskal herritarrentzat: Agurtzane Solaberrieta, Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta, Zuriñe Zorrozua, Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzanarentzat hain zuzen. Zehazki, Solaberrietarentzat 9 urteko espetxe zigorra eskatu dute. Guztira, 109 urteko kartzela-zigorra eskatzen du fiskalak.
Epaiketa bera salatu eta auziperatuei elkartasuna adierazteko hainbat ekimen antolatzen ari dira han eta hemen. Usurbilen sortu den herri batzordeak honako hitzorduak deitu ditu egunotarako:
Apirilak 22, igandea
12:30 Agerraldi jendetsua frontoian, Agurtzane Solaberrietari elkartasuna adierazi eta epaiketa salatzeko.
Apirilak 24, asteartea
18:00 Osoko ohiko bilkura Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan: mozioa aztertuko da.
Apirilak 28, larunbata
13:00 Eleak mugimenduak deitutako ekitaldia Donostiako Bulebarrean: eskubide zibil eta politikoen puzzlea osatu nahi da. Usurbili 100 pieza jartzea dagokio.
Apirilak 30, astelehena
19:30 Elkarretaratzea, epaiketaren lehen egun dela eta.
Maiatzak 7, astelehena
Madrilera joateko autobusa antolatuko da.
Laguntza kanpaina
Epaiketa gastuei aurre egiteko, laguntza kanpaina bat abiarazi da, herriz herri, mezu honen bidez: "luza diezaiegun bostekoa auziperatuei, eskuz esku justiziaren injustizia ikustarazteaz gain, epaiketa politikoen aurka kalera ateratzeaz gain eman diezaiegun gure babes ekonomikoa ere. Lagun ditzagun apirilean epaituak izango diren D3Mko kideak gure bostekoa luzatuz", deitu dute. Bost euroko bonoak eskuratzeko aukera izango da. Edota kontu korronte honetan ere ekarpenak egin ahalko dira: 3035 0095 94 0951113417.