Hotzikara, Gaztea Maketa Lehiaketako apirilaren 26ko finalean

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 19a, 00:00

Astebete baino ez da geratzen, Gaztea irrati kateak antolaturiko XXI. Maketa Lehiaketako finala ospatzeko. Txapelketa irabazteko hautagaien artean dago, musika talde usurbildar bat; Hotzikara hain zuzen. Antton Aranburuk, David Illarramendik, Mikel Olasagastik eta Beñat Arteagak osatzen duten taldea epaimahaiaren erabakiz sailkatu da gainera, azken fase honetarako. Astebete barru jakingo da nor den irabazlea. Finala, apirilaren 26an ospatuko da, Bilboko Bilborock aretoan. Bertara joan ezin duenak, ekitaldia zuzenean ikusi ahal izango du streaming bidez Gaztearen web orrian sartuta edota baita ETB 3 telebista katean ere. Egun horretan, Hotzikara taldeak kontzertua eskainiko du Bilborock aretoan, gainerako finalistekin batera; Malder, Haxotz, Ebony Rose eta Belako taldeekin hain zuzen. Bere abestietako bat, “Gillotina” izenekoa, asteotan Gazteako web orrian egon da entzungai. Epaimahaiak talde onena, dirutan 3.000 eurorekin eta musika-tresnatan edo musika-ekipamendutan beste 3.000 eurorekin sarituko du. Bideoklip bat grabatzeko aukera ere irabaz dezakete, baita aurtengo Bilbao BBK Live jaialdian zuzenean jotzeko aukera ere. Taldeak pozik egoteko arrazoirik ez du falta, duela aste gutxi hain zuzen, EhrZ musika lehiaketan ere 12 finalisten artean sailkatu baitzen. 

Irudia: Ibai Arrieta.