Urtero moduan, abian da Santixabeletako Egitarau Diseinu Lehiaketa. Lanak aurkezteko epea zabalik dago jada, maiatzaren 25era arte. Egitaraua diseinatzeko, lehenbizi, egitarauko testua jaso behar da, testu horretan oinarrituta burutu behar baita diseinu lana. Testua, Potxoenean jaso behar da. Lehiaketan parte hartzeko asmotan direnek , bete beharreko beste baldintzen artean, jakin beharra dute honakoa ere. “Jaietako egitaraua euskaraz egingo da eta gaztelaniazko laburpena egitarauaren amaieran jarriko da. Letra tamainaren aldetik, euskarari lehentasuna emango zaio. Diseinuak egitarauaren orri guztiak hartu behar ditu bere baitan”, dio araudiak. Aurreko urteetan bezala, lanaren neurria librea izango da eta “formatu artistiko guztiak onartuko dira: pintura, akuarela, collagea, argazkiak, digitala…”.
Egilearen zantzurik gabe
Berdintasun Legea bete beharko dute diseinu lehiaketako lanek. “Hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da. Pertsonen irudiak erabiltzekotan, emakumeen eta gizonen presentzia modu orekatuan eta ez estereotipatuan islatu behar da. Izan ere, emakumezkoak eta gizonezkoak neurri berean ekintzaile eta protagonista modura agertu behar dira”, diote lehiaketako baldintzek. Lanean bestalde, ezingo da egilearen seinalerik agertu. “Datu pertsonalak (izen-abizenak, helbidea eta telefono-zenbakia) gutunazal itxi batean adieraziko dira. Gutunazalean, izengoiti bat jarriko da, eta izengoiti hori bera agertuko da aurkeztutako lanaren atzealdean”. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Argibide edo informazio gehiago 943 371 999 telefono zenbakian edo kultura@usurbil.net helbidean.