Udajolasen izen ematea, apirilaren 23tik 26ra

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 19a, 00:00

Uztailean burutuko den Udajolas euskarazko aisialdi eskaintzan apuntatzeko epea irekitzear da. Hurrengo astean zehar, lau egunez eman ahalko da izena; apirilaren 23tik 26ra. Hau da, datorren astelehenetik ostegunera (bi egunok barne), arratsaldez eta bi orduz; 16:00-18:00 artean NOAUA!ko egoitzan. Aipaturiko egun, leku eta orduan, bideraturiko dira izen emateak. Apuntatzeko izen emate orria ekarri beharko da NOAUA!-ra. 

Beharrezkoa balitz, zozketa apirilaren 27an 
Iaz bezala, aurten ere gehienez 135 umerentzat lekua egongo da NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko ekimenean. Plaza kopuruaren %5a ezinduentzako erreserbatua egongo da. Hilaren 23tik 26ra luzatuko den izen emateko epean, 135 haur baino gehiago apuntatuko balira, zozketa egingo litzateke hilaren 27an, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Egun horretan, apirilaren 27an alegia, Udajolasen onartu eta baztertuen zerrenda jarriko da NOAUA!-ko egoitzan. 

Ordainketak, maiatzaren 13a baino lehen 
Izena eman dutenek, plaza ziurtatuta dutela jakitean, hurrengo pausoa, ordainketa egitea litzateke. 77 euroko kuota ordaindu beharko da, familia ugariek 62 euro (horretarako, txartelaren kopia ekarri behar da). Ordainketak Euskadiko Kutxako kontu korronte zenbaki honetan egin beharko dira: 3035 0140 34 1400025811. Maiatzaren 13a baino lehen egin beharko dira ordainketak, data hori igarota eginiko ordainketak ez dira onartuko eta plaza galduko da. Ordainketa eginda, ordainagiria NOAUA!-ko egoitzara ekarri beharko da. 

Udajolas, uztailaren 3tik 27ra 
Udajolas 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko euskarazko aisialdi eskaintza dugu. Ohi bezala, Santixabelak amaitu eta biharamunean hasiko da, uztailaren 3an, eta hilaren 27ra arte luzatuko da. Astelehenetik ostiralera, lau orduz, 9:30-13:30 artean hezitzaileen zaintzapean hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute.