"Ikurriña-nafar bandera: mahai ingurua" antolatu du Nafartarrak kultur taldeak gaur arratsaldeko 19:00etarako Sutegin, asteotarako lotu duen hitzaldi zikloaren baitan. Luis Mari Martinezek jardungo du hizlari lanetan. "Gure herrian historikoki hainbat sinbolo garatu dira; batzuk oso berriak dira, berriki asmatuak, gure errealitatea kontutan hartu gabe. Baina sinboloak ez dira neutroak; badaukate beren esanahia; eta esanahi horrek lotura handia du identitatearekin; beraz, ondarea dira... Gai honek ikuspegi asko ditu; eta azken urteetan ikusi dugu ikurrina agertzen zen tokian, bandera nafarra agertzen hasi dela; ze eztabaida dago bandera hauen artean?", honi buruzko mahai ingurua, aipatu moduan gaur arratsaldean.
Ostiral honetakoa izango da hain zuzen, Nafartarrak kultur taldekoek aste honi dagokionean antolatu duten azken hitzordua. Saio gehiago, datorren astean:
Apirilak 24, asteartea: "Independentziaren bideragarritasun ekonomikoa"
Hizlaria: Oscar Arantzabal.
Edukia: 2008an hasi zen sistema kapitalistaren finantza krisiak kolokan utzi du orain arteko ekonomia eredua. Nazioarteko egoera berri honetan, paradigma ekonomiko berriak estatu txikien alde jokatzen du. Krisiak subjektu sozioekonomiko bakoitzaren indar-guneak eta ahulguneak azaleratu ditu. Irtenbiderako ardatz diren nazioartekotzean eta berrikuntzan, Euskal Herria beste batzuk baino hobeto dago. Burujabetza praktikorako urratsak aztergai.
Apirilak 26, osteguna: "Euskera, Hizkuntza bat bere bakardadean"
Hizlaria: Pako Aristi.
Edukia: Bi hizkuntza hegemonikoen erdian, menpeko hizkuntza baten egoera petrala bizi du egun euskarak. "Normalizazioa"ren etiketaz mozorroturiko anti-politika baten ondorioz, piramide sozialean desagertzen ari da, eta laster kaletik ere bai. Botere politiko propiorik gabe euskara "ad eternam" izango da mendeko hizkuntza, hizkuntza morroitua, sinbolikoa bere hutsean, fosil bihurtzeko bidean.
Apirilak 27, ostirala: "Gartxot" filma
Zuzendariak: Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi.
Edukia: Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak iraintzat hartuko du kantaldi bakoitza eta fraide-gerlari beldugarrien esku utziko du aita-semeak harrapatzea. Tragedia XII. mendean. Hasi da konkista aurreko konkista.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegi.
Sarrerak: 5 euro.