2016. urtera arteko hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian, Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak. Potxoenea kultur etxean burutu dute sinatze ekitaldia, Usurbilgo Udalaren izenean Mertxe Aizpurua alkateak eta NOAUA! Kultur Elkarteko lehendakari Ana Aizpuruak. Hitzarmen honen bidez, Udalak "Noaua! Kultur Elkartearekin dirulaguntza erregimena eta prekarioz lagatuko dion lokalaren erabilpena" arautuko du. NOAUA!ren partetik, xedea honakoa da: "aldizkaria eta web orria egitea batetik, eta hitzartutako publizitatea bideratzea bestetik".
Hitzarmenak ordea, datozen lau urteoi begira, helburu gehiago ere jasotzen ditu. Honakoak:
-Lehenik eta behin, euskararen erabilera zabaldu, Usurbilgo bizitza-esparru guztietan normaldu eta bermatu eta garai berrietara egokitzeko aberastea.
-Euskal Kultura zaindu eta ezagutzera ematea, iraganeko sustrai kulturalak galtzen ez uztearren eta sortuko den kulturgintza bermatuz.
-Gaur egungo kulturgintzan jardutea, bertakoa landuz. Kulturgintza unibertsala herriratzeko zubi eta bitarteko izatea.
-Usurbil ezagutzera emateko bide egokiak taxutzea. Herrikoak munduan barrena bizi diren beste herri eta kulturak ezagutzeko aukerak gihartzea.
-Aurreko helburuen ildotik herriaren aurrerabiderako egoki izan litezkeen ekintza, egitura eta jarduera ekonomikoak antolatzea.