Mertxe Aizpurua: "Europaren eskutik goaz, norabide berean eta gainera, Espainiak txalotu egiten du atez atekoa"

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 20a, 00:00

Balorazio baikorra egin du gaur Gipuzkoako Bilduk, hondakinen kudeaketaren inguruan Europatik eta estatu espainiarretik azken egunotan heldu diren albisteen harira. Goizean, Usurbilgo eta Zumaiako Udaletako alkate Mertxe Aizpurua eta Iñaki Agirrezabalagak Donostian eskaini duten prentsaurrekoan, gai honi lotuta Europar Batasunak kaleratu berri duen txostena eta Espainiar Gobernuko Nekazaritza, Elikadura eta Ingurugiro Ministerioak Usurbilgo atez ateko bilketa, Aizpuruaren hitzetan “praktika onen atalean” sartu izana ahotan hartu dute.

Bi berri hauen inguruko balorazioa hitz hauekin laburbildu dute, Gipuzkoako Bilduko ordezkariek. “Halako albisteek gure bidean berretsi ez ezik, bide honetan sakontzera behartzen gaitu. Eta gure herriak zero zabor herriak bihurtzeko lanean jarraituko dugu, bai jada atez atekoa berretsi duten 34 herrietan eta baita Gipuzkoa osoan ere”, adierazi du Usurbilgo alkateak.

Gipuzkoako Bilduk argi du: “gauzak ongi egiten ari gara eta etxeko lanak egiten ari gara. Europaren eskutik goaz, norabide berean goaz eta gainera, Espainiak txalotu egiten du atez atekoa”.

Hondakinak, urre
Europar Batasunak kaleratu berri duen txostenaren inguruan, Usurbilgo Udaleko alkateak zioenez, “argi eta garbi esaten da, hondakinak kudeatzeko irizpideak aldatu egin direla, eta aurrera begira, kudeaketa sistema moldatu egin beharko dela”. Bilduko ordezkariek adierazi dutenez, koalizioak defendatu izan duen moduan, hondakinak zabor gisa tratatzeari utzi eta lehengai edota txostenean aipatzen den “urre” gisa tratatzen hasi beharrak gaudela dio. Hondakinak kudeatzeko modua ere aldatu beharko dela diote Europatik, aldaketa datorrela alegia, Aizpuruak adierazi duenez, “hondakinak zabortegira isurtzearen eta hondakinak erraustearen garestitzea edota debekua dakarrela aurrera begira”.

Europa mailako legedia zorroztuko dela eta, zer nolako bete beharrak finkatuko dituzten, Mertxe Aizpuruak iragarri ditu gaur goizean. “Europak agintzen du zero zabor politikak abian jartzea, ahalik eta birziklatze maila altuena lortzeko. Eta ahalik eta birziklatze maila altuena lortzeko, bilketa modu eraginkorrenak martxan jartzea agintzen du”, adierazi du. Bide horretan, “etorriko zaigunari aurre hartzen ari gara”, adierazi du, “Gipuzkoa toki ezin hobean jartzen ari gara” gaineratzearekin batera. Gogorarazi duenez, %80tik gorako birziklatze maila lortu da atez ateko bilketari esker, eta “aitzindariak izaten ari gara” Oiartzun, Antzuola, Hernani eta Usurbilen.

“Dimititu edo gipuzkoarroi barkamena eskatu beharko ligukete”
Espainiar Gobernuko Nekazaritza, Elikadura eta Ingurugiro Ministerioak Usurbilgo atez ateko bilketa, “praktika onen atalean” sartu dutela ere berri eman du Gipuzkoako Bilduk, gaur goizean eskaini duten prentsaurrekoan. Aipatu web orrialdean sartzen denak, “atez ateko sistema abiatzeko prozesu guztiaren berri ematen du bertan, Usurbil non dagoen kokatua, nolako herria den, zer parte hartze prozesua egin zen bere garaian herritarrekin batera bilketa sistema adosteko, zer emaitzak eman dituen… Datu guztiak bertan daude”, adierazi du Usurbilgo alkateak.

Gurean burutzen den bilketa sistema txalotu dutela adierazi dute gaurko prentsaurrekoan, eta aipatu web orrialdetik, “kontuan hartzeko eredua dela esaten zaigu”. Sistema garestia eta zikina dela esan dutenei zuzenduz, Usurbilgo alkateak honakoa adierazi nahi izan die; “Ez dugu uste praktika onen atalean sartuko zutenik guzti hori horrela izan balitz”. Zenbait alderdietatik bultzatu duten “intoxikazio eta manipulazioa” onartezintzat  jo dute.

Espainiar gobernuak web orri bidez jasotakoa, Gipuzkoako Bilduren esanetan, “agerian uzten du, atez atekoaren inguruan PNV edo PSOEK saldu nahi duten irudia gezur hutsa dela eta eraiki duten gezurrezko gaztelu hori egunez egun erortzen ari zaiela burutik behera”. Honen aurrean, gipuzkoarrei azalpenak zor dizkietela adierazi dute gaurko prentsaurrekoan, zenbait alderdi autokritika egitera deitu dituzte Bildutik eta gaineratu dutenez, “umiltasun pixka bat edukiz gero, dimititu edo gipuzkoarroi barkamena eskatu beharko ligukete”.

Prentsaurrekoan grabaturiko bideoa, web orrialde honetako Noaua TB atalean ikus dezakezue.