Konpostatzeari buruzko saio bana, asteazken eta ostegunean

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 23a, 00:00

Autokonpostatzeari eta auzokonpostatzeari loturiko ikastaro bana antolatu du Usurbilgo Udalak aste honetarako. Lehen saioa, apirilaren 25ean burutuko da, 19:00etan hasita Artzabalen. Autokonpostatzearen ingurukoa hain zuzen, eta Udaletik zehaztu dutenez, “usurbildar orori zuzenduta dago, eta egun konpostatzen ari diren bizilagunen zalantzak argitzeko ere izango da. Bertan, konpostazearen oinarriak azaldu eta ikastaroa eman ostean, autokonpostagailuak banatuko dira”.

Biharamunean, apirilaren 26an, auzokonpostatzeri edo konpostatze komunitarioari loturiko ikastaroa eskainiko da, ordu eta leku berean, 19:00etatik aurrera Artzabalen. Saioa Bizkarreko auzokonpostatze gunean izena eman duten 21 familiei zuzendua egongo da. Hain zuzen, etxeko organikoa konpostatzen hasi aurretik, Udaletik gogorarazten dutenez, “ezinbestekoa izango da ikastarora etortzea”. Bertan, “konpostatzearen oinarriak azalduko dira, ondoren auzokonpostaren dinamika nola den erakutsiko da eta azkenik Errekatxikiko auzokonpost gunea bisitatuko da”.

Bizkarrekoa, herrian martxan jarriko den konpostatze komunitarioko laugarren esperientzia izango da. Errekatxikin, Puntapaxen eta Atxegalden beste gune bana ireki baitituzte, Bizkarrekoarekin, “guztira, 66 familia parte hartzen ariko direlarik”, Usurbilgo Udaletik adierazi dutenez.