Alertan gauerditik aurrera, haizete bolada gogorrengatik

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 24a, 00:00

5 eta 6 metrotarainoko olatuak espero direlakoan alerta naranja ezarri du Euskalmet-ek astearte honetarako kostaldean, eta biharko hego mendebaldeko haize bolada gogorrengatik alerta horian egongo garela iragarri dute. Gaur gauerditik bihar arratsaldeko 18:00ak arte, "100 km/h-ko abiadura" har dezake haizeak, inguruotako haizeguneetan. Haizeguneak ez diren lekuetan aldiz, haize boladak 70-80 km/h ingurukoak izan daitezke. 

Aipaturikoa, Euskalmet meteorologia agentziak asteazken honetarako iragarri duen alerta oharra da. Eguraldi prebisioari dagokionez, honako giroa iragarri dute apirilaren 25 honetarako: "asteazkenean hegoaldeko haize zakarra ibiliko da. Eguneko protagonista izango da eta tenperaturaren gorakada eragingo du, toki askotan 20 ºC-ren bueltan ibiliko dira balio beroenak. Fronte bat iritsiko den arren, prezipitazio gutxi egitea espero dugu. Arratsaldean, haizeak indarra galtzen duenean, zaparradak sarriago botako ditu, batez ere hegoaldean eta ekialdean eta bertako zenbait tokitan trumoitsuak izan daitezke". Adi beraz bihar, haizearekin.