Atzo ireki zen Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak uztailerako antolatu dituen euskarazko aisialdiri loturiko Udajolas udaleku irekietan izena emateko epea. 4-12 urte artekoei zuzenduriko eskaintzan, 50 haur eta gaztetxo apuntatu dira jada. Oraindik halere, beste hiru egun daude izen emateko, astearte, asteazken eta ostegun arratsaldeko 16:00-18:00 artean NOAUA!ko egoitzan hain zuzen. Izen emate orria ekarri behar da bertara, apuntatu ahal izateko. 135 plaza daude, %5a ezinduentzat erreserbatua. Izen emateko epea ixtean, 135 haur baino gehiago apuntatuak egongo balira, ostiral honetan, apirilaren 27an, Udajolaserako plazen zozketa egingo da 18:00etatik aurrera Potxoenean. Zozketa ostean, onartu eta bazterturiko eskaeren zerrendak jarriko lirateke NOAUA!-n bertan.
Ordainketak, maiatzaren 13a baino lehen
Izena eman dutenek, plaza ziurtatuta dutela jakitean, hurrengo pausoa, ordainketa egitea litzateke. 77 euroko kuota ordaindu beharko da, familia ugariek 62 euro (horretarako, txartelaren kopia ekarri behar da). Ordainketak Euskadiko Kutxako kontu korronte zenbaki honetan egin beharko dira: 3035 0140 34 1400025811. Maiatzaren 13a baino lehen egin beharko dira ordainketak, data hori igarota eginiko ordainketak ez dira onartuko eta plaza galduko da. Ordainketa eginda, ordainagiria NOAUA!-ko egoitzara ekarri beharko da.
Udajolas, uztailaren 3tik 27ra
Udajolas 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko euskarazko aisialdi eskaintza dugu. Ohi bezala, Santixabelak amaitu eta biharamunean hasiko da, uztailaren 3an, eta hilaren 27ra arte luzatuko da. Astelehenetik ostiralera, lau orduz, 9:30-13:30 artean hezitzaileen zaintzapean hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute.