Independentziari buruzko solasaldia gaur, Nafartarrak taldekoen eskutik

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 24a, 00:00

Independentziaren bideragarritasun ekonomikoa aztergai nagusia izango da gaur, Nafartarrak Kultur Taldekoek asteotarako antolatu duten hitzaldi zikloaren baitan. 19:00etatik aurrera Sutegin, Oscar Arantzabal arituko da gai honi buruz hizlari lanetan. "2008an hasi zen sistema kapitalistaren finantza krisiak kolokan utzi du orain arteko ekonomia eredua. Nazioarteko egoera berri honetan, paradigma ekonomiko berriak estatu txikien alde jokatzen du. Krisiak subjektu sozioekonomiko bakoitzaren indar-guneak eta ahulguneak azaleratu ditu. Irtenbiderako ardatz diren nazioartekotzean eta berrikuntzan, Euskal Herria beste batzuk baino hobeto dago. Burujabetza praktikorako urratsak aztergai", astearte arratsalde honetako saioan. 

Azken txanpan da, Nafartarrak Kultur Taldekoek antolatu duten hitzaldi zikloa. Hona hemen, ostiralera arte iragarriak dauden hitzorduak:

Apirilak 26, osteguna: "Euskera, Hizkuntza bat bere bakardadean"

Hizlaria: Pako Aristi.
Edukia: Bi hizkuntza hegemonikoen erdian, menpeko hizkuntza baten egoera petrala bizi du egun euskarak. "Normalizazioa"ren etiketaz mozorroturiko anti-politika baten ondorioz, piramide sozialean desagertzen ari da, eta laster kaletik ere bai. Botere politiko propiorik gabe euskara "ad eternam" izango da mendeko hizkuntza, hizkuntza morroitua, sinbolikoa bere hutsean, fosil bihurtzeko bidean.


Apirilak 27, ostirala: "Gartxot" filma
Zuzendariak: Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi.
Edukia: Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak iraintzat hartuko du kantaldi bakoitza eta fraide-gerlari beldugarrien esku utziko du aita-semeak harrapatzea. Tragedia XII. mendean. Hasi da konkista aurreko konkista.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegi.
Sarrerak: 5 euro.