Usurbilgo Talleres Mecánicos Manuel Etxeberria S.A., Hernaniko Adarra lan tresnak eta Panificadora de Hernani, Lasarte-Oriako Compañía Hostelera del Norte eta Andoaingo Orma-Jaki Ona enpresek euskararen erabilera normaltzeko Buruntzaldeko udalen "Baietz gurean" egitasmoarekin bat egin dute. Atzo sinatu zuten hitzarmena, udalerri bakoitzean kokaturiko enpresak bere herriko erakunde nagusiarekin, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean burutu zen ekitaldian. Modu honetan, ekitaldiak aipatu enpresetako eta Usurbil, Lasarte-Oria, Hernani eta Andoaingo udal ordezkariak bildu zituen.
Aipatu lau udalok, hitzarmena sinatu berri duten bost enpresetan euskara planak martxan jartzen lagunduko dute. Lehenbizi, lantegi bakoitzean egoera linguistikoaren inguruko azterketa bat egingo da. Egoera zein den ikusita, hobetzeko proposamen batzuk egingo zaizkie enpresa hauei, euskalduntze bidean aurrerapausoak eman ditzaten. Aholkularitza lanetan diharduen enpresa batek egingo du prozesu guztiaren inguruko jarraipena.
700, 500 eta 300 euroko diru-laguntzak emango dituzte bost enpresa hauentzat, lekuan lekuko udal bakoitzak. Diru-laguntza kopuru handienak plana martxan jarri berritan banatuko dituzte udalek. Euskalduntze bidean, plana bera gauzatzen joan ahala, urratsak ematen joan ahala, euskararen erabilera normaltzeko beharra hainbestekoa izango ez denez, udalek banaturiko diru-laguntza kopuruak murrizten joango dira. Sinatze ekitaldian zehar, Buruntzaldeko gainerako enpresei antzeko urratsak ematera animatu zituzten.