Ekainaren 12an etenda gera daiteke Bizkaia eta Gipuzkoak hondakinen kudeaketaren inguruan indarrean duten hitzarmena, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak gaur Onda Vasca irrati katean iragarri duenez. Honenbestez, aipatu datatik aurrera, orain arte herrialde honek Bizkaiko zabortegietara 25.000 tona arterainoko hondakinak bidaltzeko zuen baimena, debekuan bihur daiteke ekainaren 12tik auarrera. Bilbaok gogorarazi duenez, ekainean hitzarmena berritzea aurreko legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiak diseinaturiko hondakinen kudeaketaren plana martxan jartzeari lotua zegoen. Plan horren aurrean Bilduk duen alternatiba ez duela ezagutzen adierazi du Bilbaok, Onda Vasca irrati katean. Bere esanetan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onarturiko hondakinen kudeaketa plan bat bada, eta Bildu eta Foru Aldundia dira bere hitzetan, aipatu plana betetzen ari ez direnak. Ohartarazi duenez, bi herrialdeetako erakundeek sinatua duten hitzarmena, kasu honetan, Gipuzkoak betetzen ez badu, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du ekainaren 12an aipatu hitzarmena luzatzeko asmorik.
Iturria: GARA.