Bildu eta Aralarren aldeko bozkekin, herrian sortu berri den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" taldeak aurkezturiko mozioa onartu zuen udalbatzak, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. D3M eta Askatasuna auzietan auziperaturik dauden hamahiru euskal herritarren absoluzioa galdegiten du testuak, baita honakoa ere: "epaiketa hau bertan behera gelditzea eskatzen du, era berean Alderdien Legearen baitan zabalik dauden bestelako sumarioen itxiera eta ilegalizazio politika ororen etetea exijitzen du".
13 auziperatuetariko bat usurbildarra dugu, Agurtzane Solaberrieta. Atzo onarturiko mozioaren bidez, "Udal honek Agurtzane Solaberrietak, bere senide eta lagunak pairatzen dauden egoeraren aurrean gure elkartasuna adierazi nahi du". Epaiketak usurbildarrari suposatuko dizkion gastuen kargu egingo da Udala eta epaiketara, udal ordezkaritza bat bidaltzeko asmoa erakusten du, gehiengo osoaren babesa jasoriko testuak. Modu honetan, Udalak ere bat egiten du antolatuak dauden mobilizazioekin eta herritarrei ekimen hauetan parte hartzera deitzen zaie.
Bederatzi puntuko mozioak gaineratzen duenez, "Udal honek Euskal Herriaren etorkizunari begira konponbidearen alde lan egiteko apustua egiten du, gatazka historikoa gaindituko duen konponbide demokratiko eta negoziatuaren bitartez. Bide horretatik, marko demokratiko baten beharra azpimarratzen du udal honek, zeinak gaur aipagai ditugun gertakari hauek gainditzeaz gain, gatazkaren konponbidea eta ondorio guztiena ekarriko duena".
Mozioaren berri emango dio Udalak, "Espainiako Gobernuko delegaritzari, justizi ministroari eta Auzitegi Nazionaleko lehendakariari".
Osoko zuzenketa, Hamaikabat udal taldetik
Bildu eta Aralarren aldeko bozkekin onartu zen mozioari, osoko zuzenketa aurkeztu zion Hamaikabat udal taldeak. Sei puntuko testuan, auziko sumarioaren izaera politikoa salatu eta sumarioa artxibatzea eskatzen zuten. Baita Espainiako Auzitegi Nazionala eta Alderdien Legea desagertzea ere. Lehenbizi, "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" taldeak aurkezturiko mozioa bozkatu zen. Mozioak gehiengo osoaren babesa jaso zuenez, Hamaikabat udal taldeak aurkezturiko osoko zuzenketa ez zen bozketara eraman.