Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbaok atzo iragarri zuenez, aipatu erakundeak ez du Gipuzkoarekin hondakinen inguruko hitzarmena luzatzeko asmorik. Ekainaren 12an amaitzen da hain zuzen, herrialde honetako hondakinak Bizkaiko zabortegietara garraiatzeko azken urteotan indarrean egon den lankidetza akordioa. Albisteak ez diola harritu adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen alorreko diputatu Juan Karlos Alduntzinek. Hedabideen aurrean atzo adierazi zuenez, iragarpena "Gipuzkoan Zero Zabor politikekin jarraitzeko oztopo ez da izango. Hondakinen murrizketa, berrerabilera eta birziklapena lehentasunak dira Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta ez tratamendu finalistak".
Iragarri zuenez bestalde, Aldundiak abian dituen planifikazio eta politikek orain arte Igorrera (Bizkaia) bidali diren hondakin tonak Gipuzkoan bertan kudeatzea ahalbideratuko dute. Datu bat ere eman zuen; Bizkaiko zabortegiek aurreikusitakoa baino 30.000 tona hondakin gutxiago jasotzen ari direla jada. Ingurumen diputatuak zentzuz jokatzea eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari. Bilbao buru duen erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarengan presioa egiten saiatu izana salatu nahi izan zuen Alduntzinek. Ondoko irudian da bera, joan den abenduan Sutegin eskaini zuen hitzaldian.