Maixu etxeko pisu bat gehiago orain, alokairu sozialean

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 25a, 00:00

Gernika ibilbidea 13an, Agerialde parean kokatua dagoen Usurbilgo Udalaren jabetzako eraikinean, Maixu etxe izenez ezaguturikoan, alokairu sozialera bideraturiko pisu bat gehiago egongo da aurrerantzean. Orain arte, larrialdi egoeretarako zeuden bizilekuetako bat da hain zuzen, Udalak etorkizunean alokairu sozialerako baliatu asmo duena. Alokairuan esleitzeko oinarriak behin betiko onartu ziren atzo hain zuzen, osoko ohiko bilkuran.  Bildu, Aralar, EAJ-PNV eta PSE-EE proposamenaren alde agertu ziren, Hamaikabat udal taldea aldiz, aurka. Taldeko bozeramaile Luismari Ormaetxeak egitasmo honekin hasieratik desados zeudela adierazi zuten, eta aurka bozkatuko zutela iragarri.

Mertxe Aizpurua alkateak berri eman zuenez, atzo behin betiko onartutzat jo ziren oinarriok hasieraz onartu zirenean, 8 lan egunez jendaurrean egon ostean, inork alegaziorik ez zuen aurkeztu. Maixu etxeko pisu honekin, alkateak gogorarazi zuenez, guztira 19 dira egun Udalak alokairu sozialera bideratuak dituen etxebizitzak.