Berdintasunerako tokiko politikak lantzeko konpromezua hartu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 25a, 00:00

Foru Aldunditik zetorren eskari bati erantzunez, martxan den legealdi honetan "berdintasunerako tokiko politikak lantzeko konpromezu irmoa" hartu du Usurbilgo Udaleko udalbatzak aho batez. Konpromezua modu honetan gauzatuko da udalerri honetan: "Usurbilgo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planean (2010-2014) jasotzen diren helburuak lortzeko eta planak jasotzen dituen ekintzak jorratzen jarraitzeko beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak" ezarriz.

Udal ordezkari guztien babesa jaso zuen proposamena bozketara eraman aurretik, Mertxe Aizpurua alkateak adierazi zuenez, Aldunditik jasotako eskaeraren aurrean, "etxeko lanak eginda harrapatzen gaitu". 2012ko udal aurrekontuetan adibidez, Usurbilek jada baduen Berdintasun Planean jasotako ekintzak garatzeko 52.000 euroko diru partida jasoa du Udalak. Udal diktamenean iragartzen den moduan bestalde, eta udal arloari dagokionez, aurtengorako aurreikusitako "lehentasunezko bi ekintza" daude: herritarren parte hartzeaz osaturiko Berdintasun Kontseilu bat sortzeko asmoa dago, eta baita "emakumeen eta gizonen berdintasunerako udal-ordenantza egiten hasteko aukerak aztertzen hastea" ere.