4-12 urte arteko 99 haur eta gaztetxo apuntatu dira jada uztailean burutuko diren udalekuetan, Udajolasen hain zuzen. 135 plaza daude guztira (%5 ezinduentzat erreserbatua), oraindik beraz NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko aisialdi ekimenerako dagoen leku kopurua ez da gainditu, baina adi, gaurkoa baita, Udajolasen izena emateko azken eguna. Arratsaldeko 16:00etatik 18:00etarako tartea egongo da apuntatzeko, NOAUA!ko egoitzara etorrita. Epez kanpoko izen ematerik ez da onartuko.
135 haur baino gehiago apuntatuko balira, bihar, ostirala, plazen zozketa egingo da arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Zozketa egin edo ez, edozein kasutan, onarturiko izen emateen zerrenda NOAUA!-n egongo da ikusgai, apirilaren 27 honetan.
Zubietako udako txokoetan, izen ematea zabalik
3-11 urte artekoei zuzenduriko udako txokoak antolatu dituzte aurtengo udarako ere, Zubietan. Bi hilabetez, uztaila hasieratik abuztua amaitu arte luzatuko dira udako txokoak. Goizero, astelehenetik ostiralera, begiraleek proposaturiko ekintza desberdinetan primeran pasatzeko aukera izango dute 2009. urtea baino lehen jaiotako haurrek. Egunero lau orduz, 9:30-13:30 artean. Ohi bezala, Eskola Txikian bilduko dira. Udako txokoetarako izen ematea zabalik dago jada. Barazar tabernan edo Zubietako herri ikastetxean eskura daitezke apuntatzeko orriak. Datuekin beteta, maiatzaren 11 baino lehen utzi beharko dira Zubietako Herri Batzarreko postontzian (Alamandegin). Argibide gehiago behar dituenak bi telefono zenbaki hauetako batera deitu dezake: 636 719 301 (Josune) edo 618 700 479 (Izaskun). Udako txokoetako antolakuntzatik ohartarazi dutenez, “kuota izena ematen duten haurren kopuruaren arabera zehaztuko da”.