Bihar mobilizazioak hiriburuetan, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 26a, 00:00

Maiatzaren 1ean aldarrikatuko den Langilearen Nazioarteko Eguna ailegatzear den honetan, lehenago, larunbat honetan, apirilaren 28an Segurtasun eta Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna dugu. Horren haritik, bihar ostirala, mobilizazioak deitu ditu LAB sindikatuak hiriburuetan. Donostiakoa, goizeko 10:30etan burutuko da, Amarako Pio XII plazan. "Aurtengo apirilaren 28a langileriaren eskubideei egiten zaien eta langileen osasunaren narriadurari estutze berria ekarriko dion testuinguruan dator", LAB sindikatutik berri eman dutenez. Langileen osasuna bermatzeko eredu propioa eraikitzearen alde agertu da sindikatu abertzalea.

18 heriotza, lan gaixotasunek eraginda
Euskal Herriko langileen osasun egoerak okerrera egin duela gogorarazten dute LAB sindikatutik. "Milaka lan istripu gertatzen dira, eta gaitz hau lan arloan txertatuta dago. Estatistiketan gertatu den jaitsiera apalak, egiazkoak eta eraginkorrak diren neurriak hartzearekin baino, ekonomia egoeraren eraginarekin (iraizpenekin, enplegua erregulatzeko espedienteekin, lan munduko sektore-berregokipenekin) zerikusi handiagoa du. Laneko gaixotasunei dagokienez, aitorpen maila kaskar eta eskandalagarria salatu behar dugu. Europar Batasun osoa erreferentziatzat hartuko bagenu, lan istripuetan gertatu ohi den hildako bakoitzeko, laneko gaixotasunek eragindako 18 heriotza gertatu ohi dira. Hala ere, Euskal Herrian, aipatu parametroa alderantzizkoa da", adierazi dute LAB sindikatutik.

Mobilizaziorako deia luzatu dute: "Aurtengo apirilaren 28an, beraz, salatu egingo dugu langileria pairatzen ari den lan eta gizarte eskubideen murrizketa larria bere segurtasunaren eta osasunaren aurkako erasoa ere badela, eta gure bizi-kalitatean atzera egitea dakarrela berarekin; egoera horri guztiz onartezina deritzagu".

Irudia: LAB.