Iritsi da eguna, gaur gauean ospatuko da Gaztea irrati kateak antolaturiko XXI. Maketa Lehiaketako finala eta bertan izango da Hotzikara talde usurbildarra. Epaimahaiak erabakita, finalistetako bat dugu Antton Aranburuk, David Illarramendik, Mikel Olasagastik eta Beñat Urteagak osatzen duten taldea. Malder, Haxotz, Ebony Rose eta Belako gainerako finalistekin batera kontzertua eskaini eta lehiatu beharko dute gaur, Bilboko Bilborock aretoan.
Bizkaiko hiriburura joan ezin duenak hain zuzen, ekitaldia zuzenean ikusi ahal izango du streaming bidez Gaztearen web orrian sartuta edota baita ETB 3 telebista katean ere. Hotzikarakoen abestietako bat, “Gillotina” izenekoa, asteotan Gazteako web orrian egon da entzungai. Epaimahaiak talde onena, dirutan 3.000 eurorekin eta musika-tresnatan edo musika-ekipamendutan beste 3.000 eurorekin sarituko du. Bideoklip bat grabatzeko aukera ere irabaz dezakete, baita aurtengo Bilbao BBK Live jaialdian zuzenean jotzeko aukera ere. Taldeak pozik egoteko arrazoirik ez du falta, duela aste gutxi hain zuzen, EhrZ musika lehiaketan ere 12 finalisten artean sailkatu baitzen.
Irudia: Ibai Arrieta.