"Gartxot" filmaren proiekzioarekin amaituko da bihar, Nafartarrak kultur taldeak asteotarako antolatu duen ekitaldi sorta. Aurretik, ostegun honetan burutuko da alor desberdinak jorratu dituen hitzaldietan azkena. Pako Aristi izango da gainera, gaurko gonbidatua. "Euskera, Hizkuntza bat bere bakardadean" izenburupean hizlari lanetan jardungo da, 19:00etatik aurrera Sutegin. Gaurko saioaren inguruan honakoa aurreratu dute antolatzaileek: "bi hizkuntza hegemonikoen erdian, menpeko hizkuntza baten egoera petrala bizi du egun euskarak. "Normalizazioa"ren etiketaz mozorroturiko anti-politika baten ondorioz, piramide sozialean desagertzen ari da, eta laster kaletik ere bai. Botere politiko propiorik gabe euskara "ad eternam" izango da mendeko hizkuntza, hizkuntza morroitua, sinbolikoa bere hutsean, fosil bihurtzeko bidean".
Sohütako ikastolaren aldeko jaialdia, larunbatean
Nafartarrak Kultur Taldekoek ohartarazi dutenez bestalde, larunbat honetan, apirilaren 28an jaialdia ospatuko da Sohütako ikastolan. Goizeko 11:00etan hasita, ikastola berrira bisita, herri bazkaria, haur jokoak, musikariak… Egun osorako festa prestatu dute bertan. Hangoek eskerrak emateko ekimena izatea nahi dute, sostengua eman duten guztiei. Tartean, gabonetako otarrak erosiz ekonomikoki laguntza eskaini duten usurbildarrei. Asteburua borobiltzeko gainera, igandean hilaren 29an, Lexantzün maskaradak ospatuko direla gogorarazten dute.