Alberto Iñurrategiren hitzaldi eta diaporama saioa, maiatzaren 3an

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 26a, 00:00

NOAUA! Kultur Elkarteak antolatuta, "Porrotaren alde" izeneko hitzaldi eta diaporama saioa eskainiko du Alberto Iñurrategik, maiatzaren 3an, 19:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Mendizaletasuna, kiroltasuna eta lehiakortasun kontzeptuak hizpide izango ditu, doako sarrera izango duen ekitaldian. "Mendizalea gero eta lehiakorragoa da hitzaren zentzurik zatarrenean. Kosta ahala kosta gailurrak metatu behar ditugu. Gailurra, gero eta desprestigiatuagoa dago: buruz behera jarri dugu mendia. Zorionez, mendizaletasuna ez da kirol olinpikoa. Ez da txapelketarik antolatzen. Suerte handia da hori. Gure lehia ez da beste kirolari baten kontrakoa, geure buruaren kontrakoa baizik. Mendizaletasunak zaletasuna izaten jarraitzen duen neurrian, mendizalearen esku egongo da mendikoa kiroltasunez eta modu apalean egitea", hortik aurrerakoak ikusi eta entzuteko astebete barru Sutegira hurbildu besterik ez dago.