Erraustegiaren ordezko alternatiba prest izango du Konsorzioak, hilabete eta erdi barrurako

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 26a, 00:00

Gipuzkoako Hondakinen Konsorzioak (GHK) hondakinak kudeatzeko plan integral berria prest izango du, hilabete eta erdi barrurako. Hala iragarri du, GHK-ko lehendakari Juan Carlos Alduntzinek, Gipuzkoako lau Mankomunitateetako lehendakariekin batera egin berri duen agerraldian. Hondakinak kudeatzeko eskumena udalek eta euren bidez Mankomunitateek dutela gogorarazi dute, eta honenbestez, euren erabakien legitimitate demokratikoarentzat errespetua eskatu du. 

Hondakinak Bizkaiko zabortegietara garraiatzeko bertako herrialdeko Foru Aldundiak Gipuzkoakoarekin sinatua izan eta ekainera arte indarrean egongo den hitzarmena ez berritzeko Juan Luis Bilbaok eginiko adierazpenei garrantzia kendu die Alduntzinek. Gogorarazi du, iaz Gipuzkoa osoko hondakinen %8 garraiatu zela Bizkaiara, 18.000 tona. Eta epe motzean, abian jartzen ari diren hondakinen politikei esker, Gipuzkoan hondakinen %5 gutxiago sortuko dela iragarri du. Bizkaiko zabortegietara hondakinak garraiatzeko debekuak, Gipuzkoaren gain hondakinen %3 gehiago kudeatzea ekarriko duela iragarri du eta kopuru hori herrialde honek egun dituen zabortegietara bota ahal izango dela adierazi.

Alduntzinen iragarpena, atzo Eusko Legebiltzarrak Gipuzkoako Foru Aldundiari Zubietako erraustegia eraikitzeko eskaera egin ostean dator. Gasteizko ganberako EAJ-PNV, PP eta PSE-EE alderdiek eginiko eskaera da. Horren aurka agertu ziren Aralar, EA eta Ezker Anitza-IU. UPyD abstenitu zen. GARAk bere edizio digitalean berri eman zuenez bestalde, atzo bertan Europar Parlamentuko Ingurumen Batzordeak zabortegi eta erraustegiak gradualki desagerraraztearen aldeko txosten bat onartu zuen. Bruselasi 2014rako zabortegiak kentzeko proposamenak aurkeztea eskatzen diote eta 2020rako konpostatu edo birziklatu daitezkeen hondakinak ez erraustea. 

Iturria: GARA.