Kantuzaleek hitzordua dute bihar kantu-jirarekin, arratsaldeko 19:00etan Mikel Laboa plazan. Hortik aurrera, afalordurarte kalejiran ibiliko dira. Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoek deituriko hitzordurako kantu-liburuxkak eramatea ez ahaztu. Antolakuntzatik saiora bertaratu eta gainera, maiatzean ospatuko diren beste zenbait ekitalditara joateko gonbita ere luzatzen dute.
Ruper Ordorika, Benito Lertxundi...
Gogorarazten dutenez, hasteko, maiatzaren 4an 21:00etatik aurrera kantu-afaria ospatuko da Kuxkuxtu txarangarekin, Behobiako Xaia ostatuan. Bertara joan asmo duenak, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko antolakuntzarekin aldez aurretik harremanetan jartzea eskatzen dute. Astebete beranduago, hilaren 11n, kanta-soto ekitaldia antolatu dute, 21:00etatik aurrera Azkaingo Errota Berri ostatuan. "Lagun talde eder bat biltzen da, edari eta mokadu goxo batzuk dastatuz, euskal kantuen errepaso polit bat egiteko, musika tresnez goxoki lagunduta", ohartarazi dute Kantu Taldetik.
Biharamunean, Jexux Artze Kultur Elkartekoek Oiardo Kiroldegian antolatu duten Ruper Ordorikaren kantaldia ikustera joateko deia ere egin dute. Gaueko 22:00etan hasiko da. Sarrerak aldez aurretik, Kiroldegian bertan, Lizardin, Telekutxan edo kutxa.net helbidean eskura daitezke. Bada Kantu Taldetik maiatzerako nabarmendu nahi duten beste ekitaldi bat ere. Benito Lertxundik emanaldia eskainiko du maiatzaren 19an, 20:00etatik aurrera Donostiako Kursaal Aretoan.
Kantuzaleek beraz, hila bete hitzordu dute.