Atzo ospatu zen Gaztea irrati kateak antolaturiko XXI. Maketa Lehiaketako finala. Malder, Haxotz, Ebony Rose eta Belakorekin batera, Hotzikara talde usurbidarra finalisten artean zegoen. Azkenean ordea, saria irabaztear geratu dira. Maketa Lehiaketa Belako talde mungiarrak irabazi du. Gazteako web orrialdeak berri eman duenez, epaimahaiaren arabera, "agertokian erakutsitako indarra izugarria izan da. Retrofuturismo polita egiten dute. Estilo zoroa dute eta konpetenteak dira”. 3.000 euro dirutan eta beste 3.000 euro musika-tresnatan edo musika-ekipamendurako irabazi ditu talde bizkaitarrak. Gainera, bideoklip bat ere grabatzeko aukera izango dute, eta Bilbao BBK Live jaialdian kontzertua eskaini ahal izango dute. Entzuleen Saria, Ebony Rose taldeak irabazi du. 2.000 euro jaso dituzte ordainsari gisa.
Epaimahaiak finalista guztien maila aparta nabarmendu nahi izan du, eta "batez ere, bost finalistek taula gainean adierazi duten jarrera profesionala". Aipatzekoa da talde usurbildarrak lehiaketa honetan jorratu duen bidea. Finalera epaimahaiak hala erabakita igaro zen Hotzikara. Gaztearen web orrialdeak berri eman duenez, Gaztea Maketa lehiaketara aurkeztu ziren 300 abesti baino gehiagoren artean, bost bakarrik igaro dira finalera. Horien artean Antton Aranburuk, David Illarramendik, Mikel Olasagastik eta Beñat Urteagak sorturikoa.
Irudia: Ibai Arrieta.