D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa abiatzeko hiru egun falta dira, maiatzaren 3an hasiko da epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hamahiru euskal herritar daude auziperatuta, tartean, Agurtzane Solaberrieta usurbildarra. Auzia salatu eta auziperatuei babesa emateko herrian sortu den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" taldeak hainbat mobilizazio deitu ditu. Hitzorduetako bat, gaurko. Ekitaldia deitu dute, 19:30etan frontoian.
Krossa larunbatean
Hurrengo mobilizazioa epaiketa eguna hasten denerako finkatu dute. Hau da, ostegunerako. Elkarretaratzea burutuko da, 19:30etatik aurrera Mikel Laboa plazan. Azken egunotako beste hainbat deialdiren ostean dator gaurko ekitaldia. Larunbatean, Eleak mugimenduak deituta, eskubide zibil eta politikoen aldeko 1.200 piezako puzzlea osatu zuten Donostiako Bulebarrean. Horietatik 100 pieza, usurbildarrek jarri zituzten.
Bada ordea, datozen egunotarako, bestelako ekitaldirik ere. ITAYA Gazte Asanbladak herri krossa antolatu du larunbat honetarako, maiatzaren 5erako. Hitzordua, goizeko 11:30etan jarri dute, Bordatxo parean, "D3M eta Askatasunako kideei burutuko zaien epaiketa politikoa dela salatzeko eta gure herritarra den Agurtzane Solaberrietari gure elkartasuna helarazteko. Hainbat geldialdi izango ditu krosak herrian zehar, errelebokakoa izango baita, eta beraz, partehartzaileak taldetan banatuko ditugu egin nahi duten korrika saioaren arabera. Ibilbidea ez da inola ere luzea izango, Usurbilgo erdialdetik ibiliko gara. Animatu eta parte hartu!".
Hona hemen, egunotarako iragarriak dauden mobilizazioak:
Apirilak 30, astelehena
19:30 Ekitaldia frontoian.
Maiatzak 3, osteguna
19:30 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan, epaiketaren lehen eguna dela eta.
Maiatzak 5, larunbata
11:30 Krossa Bordatxo paretik abiatuta.
17:30 Manifestazioa Bilboko La Casillatik, “Epaiketa politikorik ez! Eskubide guztiak proiektu guztientzat!” lemapean. Usurbildik bertara joateko autobusa antolatuko da. Izen ematea, ohiko lekuetan.
Maiatzak 7, astelehena
Madrilera joateko autobusa antolatuko da. Izen ematea, ohiko lekuetan.
Maiatzak 12, larunbata
Txandakako elkarretaratzeak egunean zehar. Herriko talde eragile ezberdinek parte hartuko dute, ordubeteko txandetan. Azken txanda, 20:00-21:00 artean, herritar orori irekia.