"Oporrak Bakean" programan parte hartzeko aukera zabalik

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 30a, 00:00

Uztailean eta abuztuan saharar haurrak etxean hartzeko martxan da "Oporrak Bakean" izeneko egitasmoa Usurbilen ere, eta izen emateko epea zabalik dago maiatzaren 11ra arte. Duela 25 urte abiaturiko ekimenaren bidez, urtero haur sahararrak uda gure artean igarotzera etorri ohi dira. "Programa honen helburua 7 eta 12 urte bitarteko haurrak saharar errefuxiatu kanpamentuetan bizi duten egoera gatazkatsutik urrunduz, beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematea da eta bide batez, desertuan udako bi hilabete horietan (uztaila eta abuztua) pairatzen den tenperatura altuetatik babestea", berri eman dute.

Usurbilgo Udalak bat egin du programa honekin eta egitasmoan parte hartzeko gonbita luzatzen die herritarrei. "Oporrak Bakean" ekimenari buruzko informazio gehiago jaso nahi duenak, Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dezake, edo bestela bertara deitu, 943 377 110 telefono zenbakira.