Usurbil Cup txapelketan, izen ematea irekitzear

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 30a, 00:00

Ostiralean, maiatzaren 4an irekiko da Usurbil FT-k antolaturiko Usurbil Cup txapelketan izen emateko epea. 6-14 urte arteko haur eta gaztetxoek hilaren 10era arteko tartea dute, taldea osatu eta izen emateko. Apuntatzeko hain zuzen, antolakuntzak Oiardo Kiroldegian jarritako orriak bete behar dira, eta talde bakoitzeko 50 euro ordaindu. Minibenjamin (LH 1-2), benjamin (LH 3-4), alebin (LH 5-6) eta infantil (DBH 1-2) mailako gaztetxoek parte har dezakete.

Txapelketa maiatzeko hirugarren asteburuan, hilaren 18an hasiko da. Aldaketarik ez bada, San Juanen bueltan amaituko da. Tartean, astebururo jardunaldiak burutuko dira, frontoian edota Oiardo Kiroldegian. Halere, antolakuntzaren asmoa txapelketa gune gehiagotara hedatzea da; besteak beste, iaz bezala ahal bada, Santuenea edota Artzabalera. Txapelketa hasi aurretik, taldeetako arduradunekin biltzeko asmoa du Usurbil FT-k. Ekimenaren zehaztasunei buruz hitz egiteko bilera deitu dute, maiatzaren 14rako.