Mendizaleen astea, Iñurrategiren hitzaldi eta Andatza Egunarekin

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 30a, 00:00

Hasi berri dugun aste honetan, mendizaleek hitzordu bikoitza dute. Lehena, ostegun honetan, maiatzaren 3an, Alberto Iñurrategi baitator Sutegira. “Porrotaren alde” izeneko hitzaldia eta diaporama saioa eskainiko ditu 19:00etatik aurrera, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Andatza Mendizale Elkarteak antolatuta.

Andatza Eguna igandean
Urtero moduan bestalde, maiatzeko lehen igande honetan Andatza Eguna ospatuko da. Hona hemen, hilaren 6rako antolatu duten egitaraua: 

Goizean zehar, erromeria: trikitilari eta bertsolariak.
11:00 Hamaiketakoa: salda, txorizoa, haragi egosia eta edaria.
12:00 Herri kirolak eta jokoak haurrentzat eta helduentzat.
14:00 Bazkaria (norberak berea eramanda). Kafea eta kopa banatuko dira.

Antolatzaileak: Zizurkilgo Txepetxa Gazte Asanblada, Usurbilgo Andatza Mendi Elkartea, Zizurkilgo Udala eta Usurbilgo Udala.