Astearte hau maiatzaren 1a dugu, Langilearen Eguna. Sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte bihar eguerdirako hiriburu eta eskualdeetan. Usurbildik gertuen, LAB sindikatuak deituriko manifestazioa dugu, Donostian. 12:30etan abiatuko da Gipuzkoako hiriburuko Bulebarretik. Biharko egunari begira, LAB sindikatutik ohartarazi dutenez, "martxoaren 29an Euskal Herri osoa irten zen kalera. Gure herriak hiru urtetan burutu duen laugarren greba orokorra izan zen. Euskal langileria osoa antolatu egin gara, elkarrekin borrokatu dugu eta inposaketa, murrizketa eta erreforma gehiago ez ditugula onartuko erabaki dugu. Maiatzaren Lehena argi eta ozen aldarrikatu dugun hori errespeta dadila exijitzeko eguna dugu. Manifestazioak eskualdeka izango dira aurten, Gobernuetatik ezartzen ari diren neurri eta erabakiak pairatzen eta borrokatzen dituzten langile eta herritarrak bizi garen tokietan".