Senide, lagun eta herritarren besarkada, babes eta elkartasuna jaso zuen Agurtzane Solaberrietak astelehen arratsaldean frontoiain burutu zen ekitaldian. "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" taldeak antolaturiko hitzorduan D3M eta Askatasunaren aurkako auziari loturiko ikus-entzunezkoak proiektatu ziren, tartean, auziperatuen adierazpenak jasotzen zituena.
Azken hileotan bestalde, matrioska kolektiboa eraikitzeko beharra azpimarratu dute hainbat eragileek, auziperatuak babestu eta abiatzear den epaiketa salatzeko. Asteleheneko ekitaldian, matrioska batekin elkartasun eta babes osoa adierazi zioten Agurtzane Solaberrietari.
Manifestaldia batekin amaitu asmo zuten ekitaldia, baina eguraldi txarra dela eta, frontoian buruturiko elkarretaratze batekin borobildu zuten.
Epaiketa, bihartik aurrera
Ekitaldian zehar Solaberrietak berak ostegun honetan Madrilen egoitza duen Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatuko den epaiketaren hainbat zehaztasun eskaini zituen. Aipatu moduan, bihar hasiko da D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa. Hasiera batean, hilaren 18ra arte luzatzea aurreikusia dago. Hamahiru euskal herritar auziperatu dituzte, tartean, Agurtzane Solaberrieta. Bederatzi urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak usurbildarrarentzat.
Bihar, elkarretaratzea
Auzi honen harira, herrian sortu den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" taldeak hainbat mobilizazio deitu ditu azken asteotan. Baita egunotarako ere. Bihar hasiko da epaiketa, eta biharko elkarretaratzea deitu dute, 19:30etan Mikel Laboa plazan. Manifestaldi nazionala antolatua dute bestalde, larunbat arratsalderako Bilbon. Goizean, krossa burutuko da Kaxkoan zehar, ITAYA Gazte Asanbladak antolatuta. Hauexek dira, hurrengo egunetarako deitu dituzten hitzorduak:
Maiatzak 3, osteguna
19:30 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan, epaiketaren lehen eguna dela eta.
Maiatzak 5, larunbata
11:30 Krossa Bordatxo paretik abiatuta. Antolatzailea: ITAYA Gazte Asanblada.
17:30 Manifestazioa Bilboko La Casillatik, “Epaiketa politikorik ez! Eskubide guztiak proiektu guztientzat!” lemapean. Usurbildik bertara joateko autobusa antolatuko da. Izen ematea, ohiko lekuetan.
Maiatzak 7, astelehena
Madrilera joateko autobusa antolatuko da. Izen ematea, ohiko lekuetan.
Maiatzak 12, larunbata
Txandakako elkarretaratzeak egunean zehar. Herriko talde eragile ezberdinek parte hartuko dute, ordubeteko txandetan. Azken txanda, 20:00-21:00 artean, herritar orori irekia.