NOAUA! bidez sei sarrera (bina hiru ekitaldietarako) zozketatu dira ostiralean hasiko den Jexux Artzeren omeneko Kultur Astearen baitan ospatuko diren hiru ekitaldietarako. Ekitaldi bakoitzerako bina sarrera hain zuzen. Hauek dira irabazleak;
-"Bodologuak" antzezlana ikusteko: Presen Egiletak 2 sarrera irabazi ditu.
-"Arriya" filma ikusteko: Jon Arriagak 2 sarrera irabazi ditu.
-Ruper Ordorikaren kontzerturako: Aintzane Aizpuruak 2 sarrera irabazi ditu.
Aipatu moduan, etzi hasiko dira ospatzen, Jexux Artze Kultur Elkarteak antolaturiko ekitaldiak. Honakoa da aurtegoan, lotu duten egitaraua:
Maiatzak 4, ostirala: "Bodologuak" antzezlana
Edukia: Nork esan zuen euskalduna izatea erreza zela? Eta oporretara joatea mundiala dela? Zein kristori bururatu zitzaion elkarte gastronomikoak sortzea? Galdera hauei eta beste zenbaitei erantzuteko elkartu dira Mikel Pagadizabal, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu. Serio hartu nahi dituzte gaiak baina, ezin, barrea, algara eta umorea dariola daukate eta. Justu emanaldia baino lehen ezkontza bat izan dute eta funtzioa “bodologo” bihurtuko da. Elegante, zorrotz, petral eta xelebre, baina beti umorez gainezka. Hauxe da “bodologuen” helburua: guk esan eta zuek barre egitea.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: aldez aurretik 8 eurotan Lizardin, 10 eurotan egun berean.
Maiatzak 5, larunbata: "Arriya" filma
Sinopsia: “Hiru maitale, bi familia eta apustu bat...” Euskal Herriko mugako herri batean, bi familia apustu batean murgilduta bizi dira. Eta erronka horrek eramanik, hiru gazte maiteminduren bizitzek topo egingo dute; beren gizartearen inertziaren kontra borroka egin ezinik; beren bizitzan denbora joaten uzten… ihesbiderik eta amaierarik gabeko borroka.
Zuzendaria: Alberto J. Gorritiberea (Zumaia).
Aktoreak: Alberto J. Gorritiberea, Iban Garate, Begoña Maestre, Sara Casasnovas, Iñake Irastorza eta Kandido Uranga.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: aldez aurretik 2 eurotan Lizardin, 3 eurotan egun berean.
Maiatzak 12, larunbata: Ruper Ordorika
19:00 Herriko txalapartariak eta trikitilariak kalez-kale Kaxkoan.
22:00 "Ruper Ordorikaren kantaldia" Oiardo Kiroldegian.
Sarrerak: aldez aurretik 10 eurotan, Lizardin, Oiardo Kiroldegian, Telekutxan (943 001 200) edo www.kutxa.net. Egun berean, 12 eurotan.
Edukia: bere ohiko musikariekin New Yorken grabatu eta Elkar estudioan nahastu ondoren argitaratu da “Hodeien azpian” Ruper Ordorikaren disko berria. Kantuak sortzen nekaezina bada, kantuen soinuari xehetasun handiarekin erreparatzen dio Ruperrek, disko bakoitzari dagokion usain eta bereizgarria bilatu nahian. Beti lortzen du gu harritzea. Beti lortzen du aurrera egitea. Kantuen bidez, irudi literarioari helduta, gizakiaren barruko ametsak, fantasmak eta barne-hizketak... Gizakiaren patua dakarkigu gogora, kezka guztien gainetik, bakean egon gaitezen.
Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.