Europa Zero Waste sarean sartuko da Gipuzkoa Zero Zabor

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 2a, 00:00

Europa mailako Zero Zabor mugimenduak jardunaldiak antolatu ditu Donostian, datorren maiatzaren 11, 12 eta 13rako, astelehen goizean Gipuzkoako hiriburuko Ondarreta hondartzan herrialdeko udalerri desberdinetan sortu diren zero zabor taldeetako ordezkariek berri eman zutenez. "Zero Waste Europe-koek beraien urteroko topaketa Gipuzkoan egin nahi izan dute, hemen sortzen ari den aukera gertutik segitzeko", adierazi zuten.

Iragarri dutenez gainera, Europa Zero Waste sarean sartuko da Gipuzkoa Zero Zabor, aipatu jardunaldion baitan. Albisteon berri eszenaratze berezi baten aurrean eman zuten zero zabor taldeetako ordezkariek. Bidegurutze bat marraztu zuten Ondarreta hondartzan. Bidegurutze batetik bi bide marraztu zituzten. Bidegurutze horretan trafikoko bi seinale modukoak zeuden, bi zenbakiekin; eskubitara, 35 markatzen zuen, lehengo sistemarekin gehienez jota birziklatu zitekeen hondakinen ehunekoa adieraziz. Eta bide horretatik segita, zaborra pilatzen doan bidea irudikatu zuten prentsaurrekoko deitzaileek. ??

Ezkerraldeko bidea aldiz, haizerrota koloretsuez markatua zuten, kubo marroi eta konpostagailuez. Bide hau hautatu zuten hain zuzen, zero zabor taldeetako ordezkariek. Agerraldian parte hartu zuten zero zabor taldeeko herritarrek, gaikako bilketa eta birziklapenaren aldeko apustua egin duten udalerrien izenak kartel batean eskutan zeramatzatela osatu zuten aipatu bide hau. Amaieran, panel batean kokatu zituzten udalerrion izenak: Lezo, Pasaia, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Eibar, Mutriku, Azpeitia, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Oñati, Legazpi, Zumarraga-Urretxu, Ormaiztegi, Segura, Lazkao, Ordizia, Zaldibia, Legorreta, Alegia, Tolosa, Ibarra, Lizartza, Anoeta, Irura, Amasa-Villabona, Zizurkil eta Asteasu.??

Zero Zabor taldeen hedapena?
Azken urteotan, udalerri guztiotara hedatu da Zero Zabor mugimendua eta horren inguruan herritarrak bilguneak sortzen joan dira. Herenegun guztiek batera agerraldia eskaini zuten Donostiako Ondarreta hondartzan eta adierazi zutenez, "geroz eta gehiago gara Gipuzkoan arazoa eta irtenbidea zein diren garbi daukagun herritarrak. Geroz eta herri gehiagotan sortzen ari dira bide positiboan eragiteko Zero Zabor taldeak". Argi dute hondakinen kudeaketan zein den aurrera begirako erronka: "Erraustegiaren proiektua atzera bota eta Zero Zabor politikak lehenbailehen abian jartzea lortu behar dugu, gaur egun dauden zabortegi kutsakorrak ixteko".

Honako eskaera luzatzen diete erakundeei: "Administrazioei, herritarren ongizatearen defentsan ausart izateko eskatzen diegu, guztion artean, Gipuzkoa, Zero Zabor lurraldea izatea lortuko dugulako". ?

Hondakinak, lehengai?
Duela bi aste Europako Ingurumen Batzordeak kaleraturiko txosten baten berri ezagutzera eman zen. Hondakinak, lehengai gisa, urre bezala tratatzera deitzen zuen, hondakinak erraustu edota zabortegiak alboratzea proposatzearekin batera. Astelehenean zero zabor taldeek eskainitako prentsaurrekoan, txostenak jasotako edukiaren zati bat irakurri zuten.  Honakoa dio: "Zabortegi eta erraustegiak kentzen joatearen alde egiten dugu apustu, hondakinak tratatzeko modu ekologikoagoak lehenetsiz. Baliabideak era efizientean erabiltzearen alde gaude eta posible den kasuetan hauek berrerabiltzea. Birziklatu ala konposta daitezkeen hondakinak ez erraustea eskatzen dugu. Gure hondakinetako materialen balioa berreskuratu behar dugu hauek gaika bilduz eta birziklatuz. Produktuen diseinuan eragin beharra dago hauen birziklapena eta konponketa posible egin, eta biziraupena ziurtatzeko. Hondakinak baliabide izatea sustatu behar da zerga politikaren bidez, eta hauek zabor bihurtzea zaildu". ??

Arazoen ordez, aukerak sortzea?
Europatik datorren bidea hobesten dute zero zabor taldeok, astelehen goizean irakurri duten komunikatuan ziotenez, "arrazionalitatea eta konponbidearena" alegia, hondakinak zabor bihurtzeak arazoa larriagotzen duela gogoraraztearekin batera. Gaineratzen dutenez, "munduan zehar Zero Zabor politiketan aplikatzen diren neurriak gurera ekarri behar ditugu. Hondakinetatik arazoak sortzeari utzi eta aukerak sortu behar ditugu". Gainera, apustu hau egiteak krisi garaiotarako ere lagungarria izan daitekeela ohartarazten dute: "Gauza jakina da ekonomiari on egiten diola baliabideak ondo probesteak. Sektore ekonomiko oso bat eraiki daiteke berrerabilpena eta birziklapenaren inguruan eta lanpostu mordoa sortu".