D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketak, bihar goizeko 10:00etatik aurrera jarraituko du

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 3a, 00:00

Aurreikusia zegoenarekin alderatuta, azkenean hiru eguneko atzerapenarekin, gaur goizeko 10:30etan hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean, Demokrazia 3 Milioi hautes plataformaren eta Askatasuna alderdiaren aurkako epaiketa. Amparo Lasheras auziperatuaren deklarazioarekin hain zuzen. Hedabideak berri ematen ari direnez, ETAk ez zuela agindu D3M sortzea adierazi du epailearen aurrean. Bere kabuz erabaki zuela plataformako kidea izatea ere esan du. Parte hartze politikorako eskubidea ere aldarrikatu du, D3Mren lan guztia publikoa izan zela gogoraraztearekin batera.

GARA.net berri ematen ari denez, Lasherasekin batera, gainerako hamabi auziperatuek deklaratu dute goizean zehar. Tartean, Agurtzane Solaberrieta usurbildarrak. Guztiek, D3M eta Askatasuna 2009ko hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko ETAren aginduak jaso izana eta ETArekin lotura izatea ukatu dute. Eginiko lan guztia publikoa eta legala izan dela aldarrikatu dute.

Epaiketara deituak zeuden lehen lekukoak ere deklaratzen hasi dira. GARA.net atariaren arabera, auziperatuak jarraitzen aritu ziren poliziak izan dira deklaratzen lehenak. Egun oraindik ilegalizatua izan ez den Herria Aurrera bezalako bilgunearen aktibitate politikoa zaintzen aritu zirela onartu dute.

Epaiketak bihar goizeko 10:00etatik aurrera jarraituko du polizia eta guardia zibilen deklarazioekin.

109 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak guztira, auziperatu dituzten Agurtzane Solaberrieta usurbildarra eta beste 12 euskal herritarron aurka: Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta, Zuriñe Zorrozua, Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzanaren aurka hain zuzen.

Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeei begira, ETAren agindupean aritzea leporatzen diete hamahiru auziperatuei. Urkaregi, Zubiaga, Rodrigo, Nieto, Lasheras, Egaña, Berrostegieta, Zorrozua eta Agurtzane Solaberrietari ETAko kide izatea egozten diete, eta haientzat bederatzina urteko espetxe zigorra eskatzen dute. Antia, Munduate, Isasa eta Ligerzanari aldiz, ETAri laguntza ematea leporatzen diete. Hauentzat, zazpina urteko espetxe zigorra eskatu dute.

Hedabideek atzo berri ematen zutenez, auziperatuen defentsa lanak egingo dituzten Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuek ez dakite epaimahaia nortzuk osatuko duten. Epaitegi atarian hain zuzen, Lasherasek eta beste auziperatuetako batek, Arantza Urkaregik goizean euren indefentsioa salatu dute, epaileak nortzuk izango diren ez zekitelako. Hedabideek jakitera eman dutenez ordea, Manuela Fernandez de Prada izango da epailea, eta epaimahaia harekin batera, Nicolas Povedak eta Ramon Saez Valcarcelek osatuko dute. Defentsak aurkezturiko 64 lekukoetatik sei baino ez dizkietela onartu ere jakinarazi dute. Aldiz, akusazioak aurkezturiko lekuko guztiak onartu dituzte.

Hamabost egunez, joan etorrian
Aldaketarik ez bada, epaiketa gaur hasi eta bi astez luzatuko da, maiatzaren 18ra arte hain zuzen. Egunotan burutuko dira epaiketari lotuta, iragarri ziren zazpi saioak: maiatzak 3,4,7,8,9,17 eta 18an. Espainiako Auzitegi Nazionalak, Madrildik 15 kilometrotara, San Fernando de Henaresen duen egoitzan burutuko da epaiketa, hedabideek berri eman dutenez. 

Ordezkaritza politikoa Madrilen
Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar eta Alternatibako ordezkaritza politikoaren babesa jaso dute 13 auziperatuek. Lau alderdiotako ordezkaritza bat Madrilen dago. Besteak beste, Pernando Barrena (Ezker Abertzalea), Pello Urizar (EA), Oskar Matute (Alternatiba) eta Jon Salaberria (Aralar). Haiekin batera, alderdiotako hainbat ordezkari politiko eta herritar, tartean, Marisa Alejandro usurbildarra. D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa politikoa salatu dute, eta adierazi dutenez, epaiketak ez dio EUskal Herrian irekitako aro politiko berriari erantzuten. Guztiek, larunbatean Bilbon deitua dagoen nazio manifestaldira joateko deia egin dute.

2009tik datorren auzia
Aipatu moduan, duela hiru urteko auzia da gaurtik aurrera, Madrilen epaituko dena. 2009ko martxoaren 1ean ospatu ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara hautagaitzak aurkeztu nahi izateagatik auziperatu dituzte hamahiru euskal herritarrak. Polizia operazio batekin abiatu zen auzia, duela hiru urteko urtarrilaren 24an, zortzi lagun, tartean Agurtzane Solaberrieta atxilotu eta espetxeratu ostean. Bi hilabetera aske utzi zituzten. Gerora, Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak legez kanporatu zituen D3M hautes plataforma eta Askatasuna alderdia. Hauteskunde kanpainaren bueltan, Auzitegi Konstituzionalak aipatu erabakia berretsi zuen. Urte bereko irailaren 7an, Garzonek gaurtik aurrera epaiketa duten hamahiru euskal herritarrak auziperatu zituen.