Usurbilgo Udalak, "epaiketa hau bertan behera gelditzea eskatzen du, era berean Alderdien Legearen baitan zabalik dauden bestelako sumarioen itxiera eta ilegalizazio politika ororen etetea exijitzen du". Hala dio, Bildu eta Aralarren aldeko bozkekin, herrian sortu berri den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" taldeak aurkeztu eta joan den apirilaren 24ko osoko bilkuran gehiengo osoz onartu zen mozioak. D3M eta Askatasuna auzietan auziperaturik dauden hamahiru euskal herritarren absoluzioa galdegiten du testuak.
13 auziperatuetariko bat usurbildarra dugu, Agurtzane Solaberrieta. Azken osoko bilkuran onarturiko mozioaren bidez, "Udal honek Agurtzane Solaberrietak, bere senide eta lagunak pairatzen dauden egoeraren aurrean gure elkartasuna adierazi nahi du". Epaiketak usurbildarrari suposatuko dizkion gastuen kargu egingo da Udala eta gaur hasi den epaiketara, udal ordezkaritza bat bidaltzeko asmoa erakusten du. Udalak ere bat egiten du antolatuak dauden mobilizazioekin eta herritarrei ekimen hauetan parte hartzera deitzen zaie.
Bederatzi puntuko mozioak gaineratzen duenez, "Udal honek Euskal Herriaren etorkizunari begira konponbidearen alde lan egiteko apustua egiten du, gatazka historikoa gaindituko duen konponbide demokratiko eta negoziatuaren bitartez. Bide horretatik, marko demokratiko baten beharra azpimarratzen du udal honek, zeinak gaur aipagai ditugun gertakari hauek gainditzeaz gain, gatazkaren konponbidea eta ondorio guztiena ekarriko duena".
Mozioaren berri ematekoa zen Udala, "Espainiako Gobernuko delegaritzari, justizi ministroari eta Auzitegi Nazionaleko lehendakariari".
Auziperatuei laguntzeko deia
Gaur abiatu den epaiketaren harira, azken asteotan auziperatuak laguntzeko honako mezua zabaldu dute: “Herriz herri luza diezaiegun bostekoa auziperatuei, eskuz esku justiziaren injustizia ikusarazteaz gain, epaiketa politikoen aurka kalera ateratzeaz gain eman diezaiegun gure babes ekonomikoa ere. Lagun ditzagun apirilean epaituak izango diren D3Mko kideak gure bostekoa luzatuz”, deitu dute. Bost euroko bonoak eskuratzeko aukera izango da. Edota kontu korronte honetan ere ekarpenak egin ahalko dira: 3035 0095 94 0951113417.