D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketako lehen saioa dela eta, elkarretaratzea deitu du “Eskubide guztiak proiektu guztientzat” taldeak, gaur arratsaldeko 19:30etarako Mikel Laboa plazan. Baina mobilizazio gehiago ere iragarri dira datozen egunetarako.
Krossa eta manifestazio nazionala etzi
Hitzordu bikoitza larunbaterako. Batetik, goizerako krosa antolatu du ITAYA Gazte Asanbladak. Bordatxo paretik irtengo da, 11:30etan. Antolakuntzatik berri eman dutenez, “hainbat geldialdi izango ditu krosak herrian zehar, errelebokakoa izango baita, eta beraz, partehartzaileak taldetan banatuko ditugu egin nahi duten korrika saioaren arabera. Ibilbidea ez da inolaz ere luzea izango, Usurbilgo erdialdetik ibiliko gara”.
Larunbat arratsalderako bestalde, nazio manifestaldia deitua dago Bilbon. 17:30etan abiatuko da La Casillatik. Bertara joateko autobusa irtengo da Usurbildik. Ohi bezala aldez aurretik eman behar da izena, ohiko lekuetan. Beste hainbeste egin beharko da, datorren astelehen goizaldean, epaituei babesa adierazteko Usurbildik Madrilera abiatuko den autobusean ere.
Hona hemen hitzordu guztion zehaztasun gehiago:
Maiatzak 3, osteguna
19:30 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan, epaiketaren lehen eguna dela eta.
Maiatzak 5, larunbata
11:30 Krossa Bordatxo paretik abiatuta. Antolatzailea: ITAYA Gazte Asanblada.
15:30 Bilbon deitua dagoen manifestaziora joateko autobusa irtengo da Bordatxo paretik. Manifestazioa Bilboko La Casillatik abiatuko da 17:30etan, “Epaiketa politikorik ez! Eskubide guztiak proiektu guztientzat!” lemapean. Izen ematea, ohiko lekuetan.
Maiatzak 7, astelehena
Madrilera joateko autobusa antolatuko da. Izen ematea, ohiko lekuetan.
Maiatzak 12, larunbata
Txandakako elkarretaratzeak egunean zehar. Herriko talde eragile ezberdinek parte hartuko dute, ordubeteko txandetan. Azken txanda, 20:00-21:00 artean, herritar orori irekia.