Izaera guztiz politikoa duen epaiketa bat abiatuko dela gaur Madrilen, oinarrizko eskubideak epaituko dituenak, hala zioen Agurtzane Solaberrietak duela hilabete NOAUA!-ri eskaini zion elkarrizketan. D3M eta Askatasunaren aurkako auziaren inguruan adierazten zuenez, “Euskal Herriko hiru milioi biztanleentzako demokrazia aldarrikatzen zuen eskaintza elektorala da epaituko dena. Demokrazia formalaren zutoinak diren oinarrizko eskubideak epaituko dira: biltzeko, adierazpen eta hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea. Beraz, izaera guztiz politikoa duen epaiketa batetaz ari gara. Konponbidearen aldeko karrilean jartzeko exijitzen zaio Madrilgo gobernuari. Haatik, blokeo estrategiarekin erantzuten jarraitzen du gure herrian ireki den egoera berriaren aurrean. Eutsi egiten dio inmobilismoari eta errepresio errezeta zaharkituei. Eta gure aurkako epaiketa horren adibidea da”.
“Damoklesen ezpata gainean duzula sentitzen duzu”
Aurrera begira, usurbildarrak lanean jarraitzeko beharra nabarmentzen zuen, “hiru milioi herritarrentzako esparru demokratikoa lortzeko”. Epaiketaren harira berak eta ingurukoek jasotako “berotasuna eta babesa izugarria” izan dela gogorarazi eta eskertzen zuen. Baita atxilotu zutenean ere, hain zuzen, gaurtik aurrera hasiko den epaiketako auzia duela hiru urte abiatu baitzen. Honek guztiak 2009tik gaurdaino Solaberrietak eta beste hamabi auziperatuek eraman duten bizimodua baldintzatu du. “Damoklesen ezpata gainean duzula sentitzen duzu. Honetan guztian gogorrena eta gainditzen zailena, atxiloketako unea izan da. Hartzen duzun sustoa, beldurra, itzela da. Ezin da hitzez azaldu. Soilik egoera hori bizitu duenak daki zertaz ari naizen. Esaterako, gau asko eman ditut lokartu ezinik, edozein zarata txikirekin esnatzen nintzen, eta gauean gerta daitezkeen soinu guztiak ikastera iristen zara”, adierazi zion Solaberrierak NOAUA!-ri. Ordutik astero epaitegira sinatzera joan beharra eta Espainiatik ateratzeko debekua izan du.
Elkarrizketa osoa irakurtzeko klikatu hemen: esteka.