Goizeko hamarretan hasi da D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketaren bigarren saioa. Atzo hamahiru auziperatuek eta bederatzi poliziek deklaratu ostean, gaur lekuko gehiagoren txanda da.
Hedabideen arabera, defentsak deitutako lekuko bat izan da deklaratzen lehena, Askatasunaren estatutuak idatzi zituen abokatua hain zuzen. Jarraian, peritu gisa lau guardia zibilek deklaratu dute.
Atzo hasi zen epaiketa, eta lehen egun horretan deklaratu zuten hamahiru auziperatuek, tartean Agurtzane Solaberrietak. Usurbileginez.com web orrialdetik berri eman dutenez, "Agurtzane Solaberrietak azaldu du ANV alderdian komunikazio arloan lan egin zuela, atxilotu zutenean horretan ari zela, eta D3Mrako ere komunikazio lan batzuk eginak zituela, baina bai ANV eta bai D3M legezkoak zirela orduan. D3Mn parte hartu bazuen, “egoera injustua” iruditzen zitzaiolako izan zen, esan du Solaberrietak, ez inork agindu ziolako, “ez ETAk, ez inork”.
Guztiek, D3M eta Askatasuna 2009ko hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko ETAren aginduak jaso izana eta ETArekin lotura izatea ukatu zuten atzoko saioan. Eginiko lan guztia publikoa eta legala izan zela aldarrikatu zuten. Defentsako abokatuek eginiko galderei soilik erantzun zieten. Epaiketara deituak zeuden lehen lekukoek ere deklaratu zuten.
109 urteko eskaera
109 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak guztira, auziperatu dituzten Agurtzane Solaberrieta usurbildarra eta beste 12 euskal herritarron aurka: Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta, Zuriñe Zorrozua, Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzanaren aurka hain zuzen.
Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeei begira, ETAren agindupean aritzea leporatzen diete hamahiru auziperatuei. Urkaregi, Zubiaga, Rodrigo, Nieto, Lasheras, Egaña, Berrostegieta, Zorrozua eta Agurtzane Solaberrietari ETAko kide izatea egozten diete, eta haientzat bederatzina urteko espetxe zigorra eskatzen dute. Antia, Munduate, Isasa eta Ligerzanari aldiz, ETAri laguntza ematea leporatzen diete. Hauentzat, zazpina urteko espetxe zigorra eskatu dute.
Hamabost egunez, joan etorrian
Epaiketa bi astez luzatuko da, maiatzaren 18ra arte hain zuzen. Egunotan burutuko dira epaiketari lotuta, iragarri diren zazpi saioak: atzoko eta gaurko saioez gain, maiatzaren 7,8,9,17 eta 18an. Espainiako Auzitegi Nazionalak, Madrildik 15 kilometrotara, San Fernando de Henaresen duen egoitzan burutzen ari dira epaiketa.
Ordezkaritza politikoa Madrilen
Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar eta Alternatibako ordezkaritza politikoaren babesa jaso zuten epaiketaren lehen egunean, 13 auziperatuek. Lau alderdiotako ordezkaritza bat Madrilera bertaratu zen. Besteak beste, Pernando Barrena (Ezker Abertzalea), Pello Urizar (EA), Oskar Matute (Alternatiba) eta Jon Salaberria (Aralar). Haiekin batera, alderdiotako hainbat ordezkari politiko eta herritar, tartean, Marisa Alejandro usurbildarra. D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa politikoa salatu eta adierazi zutenez, epaiketak ez dio EUskal Herrian irekitako aro politiko berriari erantzuten. Guztiek, larunbatean Bilbon deitua dagoen nazio manifestaldira joateko deia egin dute.
2009tik datorren auzia
Aipatu moduan, duela hiru urteko auzia da atzotik Madrilen epaitzen ari direna. 2009ko martxoaren 1ean ospatu ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara hautagaitzak aurkeztu nahi izateagatik auziperatu dituzte hamahiru euskal herritarrak. Polizia operazio batekin abiatu zen auzia, duela hiru urteko urtarrilaren 24an, zortzi lagun, tartean Agurtzane Solaberrieta atxilotu eta espetxeratu ostean. Bi hilabetera aske utzi zituzten. Gerora, Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak legez kanporatu zituen D3M hautes plataforma eta Askatasuna alderdia. Hauteskunde kanpainaren bueltan, Auzitegi Konstituzionalak aipatu erabakia berretsi zuen. Urte bereko irailaren 7an, Garzonek gaurtik aurrera epaiketa duten hamahiru euskal herritarrak auziperatu zituen.
Irudia: usurbileginez.com