"Bodologuak" antzezlana gaur, Jexux Artzeren omeneko kultur asteari ekiteko

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 4a, 00:00

"Nork esan zuen euskalduna izatea erreza zela? Eta oporretara joatea mundiala dela? Zein kristori bururatu zitzaion elkarte gastronomikoak sortzea?", galdera hauei eta beste batzuei erantzungo diete gaur bertan, Mikel Pagadizabalek, Nagore Aranburuk eta Egoitz Lasak, 22:00etatik aurrera Sutegin eskainiko duten "Bodologuak" antzezlanean. "Serio hartu nahi dituzte gaiak baina, ezin, barrea, algara eta umorea dariola daukate eta. Justu emanaldia baino lehen ezkontza bat izan dute eta funtzioa “bodologo” bihurtuko da. Elegante, zorrotz, petral eta xelebre, baina beti umorez gainezka. Hauxe da “bodologuen” helburua: guk esan eta zuek barre egitea", umorea beraz ziurtatua egongo da ostiral honetako antzezlanean. Ekitaldirako sarrerak aldez aurretik eskura daitezke 8 eurotan Lizardi liburu dendan edo takilan 10 euroren truke. 

"Bodologuak" antzezlanarekin emango zaio hasiera Jexux Artzeren omenez, izen bera daraman elkarteak antolatu duen ekitaldi sortari. Bihar jarraituko du kultur asteak, "Arriya" filmaren proiekzioarekin:

Maiatzak 5, larunbata: "Arriya" filma

Sinopsia: “Hiru maitale, bi familia eta apustu bat...” Euskal Herriko mugako herri batean, bi familia apustu batean murgilduta bizi dira. Eta erronka horrek eramanik, hiru gazte maiteminduren bizitzek topo egingo dute; beren gizartearen inertziaren kontra borroka egin ezinik; beren bizitzan denbora joaten uzten… ihesbiderik eta amaierarik gabeko borroka.

Zuzendaria: Alberto J. Gorritiberea (Zumaia).
Aktoreak: Alberto J. Gorritiberea, Iban Garate, Begoña Maestre, Sara Casasnovas, Iñake Irastorza eta Kandido Uranga.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: aldez aurretik 2 eurotan Lizardin, 3 eurotan egun berean.

Maiatzak 12, larunbata: Ruper Ordorika
19:00 Herriko txalapartariak eta trikitilariak kalez-kale Kaxkoan.
22:00 "Ruper Ordorikaren kantaldia" Oiardo Kiroldegian.

Sarrerak: aldez aurretik 10 eurotan, Lizardin, Oiardo Kiroldegian, Telekutxan (943 001 200) edo www.kutxa.net. Egun berean, 12 eurotan.

Edukia: bere ohiko musikariekin New Yorken grabatu eta Elkar estudioan nahastu ondoren argitaratu da “Hodeien azpian” Ruper Ordorikaren disko berria. Kantuak sortzen nekaezina bada, kantuen soinuari xehetasun handiarekin erreparatzen dio Ruperrek, disko bakoitzari dagokion usain eta bereizgarria bilatu nahian. Beti lortzen du gu harritzea. Beti lortzen du aurrera egitea. Kantuen bidez, irudi literarioari helduta, gizakiaren barruko ametsak, fantasmak eta barne-hizketak... Gizakiaren patua dakarkigu gogora, kezka guztien gainetik, bakean egon gaitezen.

Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.