Krosa eta Bilboko manifestaldia bihar, epaiketa salatzeko

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 4a, 00:00

Atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean D3M eta Askatasuaren aurka hasi zen epaiketaren harira, elkarretaratzea burutu zen Mikel Laboa plazan. Epaiketaren lehen saioak eman zuenaren berri eman zen, beste behin, epaiketa salatu eta auziperatuei elkartasuna adierazteko hitzorduan. 

Epaiketa honen harira, herrian sortu den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" taldetik gogorarazten dutenez, mobilizazio gehiago izango dira hurrengo egunetan. Atzoko elkarretaratzean, herritarrak larunbat honetan Bilbon deitua dagoen nazio manifestaldira joatera deitu zituzten. Usurbildik autobusa irtengo da, arratsaldeko 15:30etan Bordatxo paretik. Izen ematea, ohiko lekuetan. Manifestaldia, 17:30etan abiatuko da Bizkaiko hiriburuko La Casillatik. 

Krossa, goizean
Bilboko manifestaldiaren aurretik, herri krossa antolatu du larunbat goizerako, ITAYA Gazte Asanbladak. Bordatxo paretik irtengo da, 11:30etan. Antolakuntzatik berri eman dutenez, “hainbat geldialdi izango ditu krosak herrian zehar, errelebokakoa izango baita, eta beraz, partehartzaileak taldetan banatuko ditugu egin nahi duten korrika saioaren arabera. Ibilbidea ez da inolaz ere luzea izango, Usurbilgo erdialdetik ibiliko gara”. Gazte Asanbladak bestalde, igande arratsaldeko 18:30etarako "Earthlings" ("Lurtarrak") dokumentala proiektatuko du Sutegiko auditorioan. Informazio gehiago, web orrialde honetako Agenda atalean.

Madrilera, astelehenean
Astelehen goizaldean, Usurbildik autobusa irtengo da Madrilera, auziperatuei babesa emateko. Izena aldez aurretik eman beharko da, ohiko lekuetan.

Hauek dira beraz, datozen egunotarako iragarriak dauden mobilizazioak:

Maiatzak 5, larunbata
11:30 Krossa Bordatxo paretik abiatuta. Antolatzailea: ITAYA Gazte Asanblada.
15:30 Bilbon deitua dagoen manifestaziora joateko autobusa irtengo da Bordatxo paretik. Manifestazioa Bilboko La Casillatik abiatuko da 17:30etan, “Epaiketa politikorik ez! Eskubide guztiak proiektu guztientzat!” lemapean. Izen ematea, ohiko lekuetan.

Maiatzak 7, astelehena
Madrilera joateko autobusa antolatuko da. Izen ematea, ohiko lekuetan. 

Maiatzak 12, larunbata
Txandakako elkarretaratzeak egunean zehar. Herriko talde eragile ezberdinek parte hartuko dute, ordubeteko txandetan. Azken txanda, 20:00-21:00 artean, herritar orori irekia.