Askatasunarekin gertatu bezala, D3M ETArekin lotzerik ez dute izan

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 7a, 00:00

Aurrera jarraitzen du Madrilen, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketak. Gaur hirugarren saioa burutu da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hedabideek berri eman dutenez, Guardia Zibila D3M eta ETAren arteko lotura azaltzen saiatzekoa zen. Baina azken orduotan jakitera eman denez, Askatasunarekin gertatu bezala, D3M ETA-rekin lotzen zuten froga zehatzik ez dute aurkeztu peritu gisa deklaratu duten polizia eta guardia zibilek. GARA.net atariaren arabera, frogatu duten bakarra da D3M hautes plataformak 2009ko martxoko hauteskundeetara aurkeztu nahi zuela, papeleta ugari hartu zituztela hainbat polizia operazioetan eta Baltasar Garzon epaileak debekaturiko manifestaldi bat antolatu zela urte hartako otsailaren 14an. Beste frogarik ez dute aurkeztu.

BERRIA.info atariak berri eman duenez, saio oso azkarra izan da gaurkoa, "ez da heldu ordubetera". Madrildik berri eman dutenez, "defentsak poliziei ez die galderarik egin, fiskalak ez die ia deus galdetu, eta saioa amaitu da. Ostiralean bezala, perituek auzipetuei leporatu diete jendaurreko agerraldietan parte hartzea, orduan legezkoak ziren alderdientzat (ANV) lan egitea eta euskal presoekin hitz egitea. 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzea zen auzipetuen helburua, guardia zibilek adierazi dutenez. Ostiralean perituek ez zuten froga zehatzik aurkeztu".

Amaiur koalizioko eta ERC-ko diputatuak auziperatuei babesa ematen egon dira gaur. Tartean, Usurbilgo Udaleko alkate ohi Xabier Mikel Errekondo. Salbuespen neurriak amaitu eta arduraz jokatzea eskatu dio Errekondok, Espainiako Gobernuari.  

Bihar, laugarren saioa
Epaiketak bihar, asteartea jarraituko du, goizeko 10:00etatik aurrera. Aldaketarik ez bada, saio gehiago izango dira, maiatzaren 9an, 17an eta 18an. Hamahiru euskal herritar daude auziperatuta, tartean Agurtzane Solaberrieta usurbildarra.

Hain zuzen, epaituei babesa adierazteko gaur goizaldean ateratzekoa zen Usurbildik Madrilera, herritarren autobusa. Epaiketa salatu eta auziperatuei elkartasuna adierazteko herrian sortu den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" bilguneak lotu du Madrilerako joan etorria, baita larunbat honetarako, maiatzaren 12rako, Usurbilen deituak dauden txandakako elkarretaratzeak ere. Egun osoan zehar, ordubeteko kontzentrazioak burutuko dira Mikel Laboa plazan. Herri eragile desberdinek parte hartuko dute. Azkena ordea, arratsaldeko 20:00etatik 21:00etara egingo dena, irekia izango da. Antolatzaileek berri eman dutenez, herritar orori zuzendua egongo da.