Sagardo botatzaileen bilera, maiatzaren 17an

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 7a, 00:00

Bi aste eskas geratzen dira maiatzaren 20an ospatuko den XXXI. Sagardo Egunerako. Herri sarreran usurbildarrentzat bereziena den urteko jaialdia iragartzen duen kartela jarri dute jada antolatzaileek. Prestakizun lanak aurreratuta dituzte eta Sagardo Egunaren Lagunak bilgunekoek. Hilaren 20an, sagardoa zerbitzatzen aritu asmo dutenei begirako urteroko bilera eguna ere finkatu dute; maiatzaren 17rako, 19:30etan Potxoenean. 

Alemania eta Usurbilgo sagardoen dastatzea, maiatzaren 18an
Sagardo Eguna girotzeko beste hitzordu bat ere lotu dute aurten, Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek. Alemania eta Usurbilgo sagardoak dastatzeko afaria antolatu dute Saizar sagardotegian, maiatzaren 18rako. Enologo baten laguntzaz, Fernando Vadilloren laguntzaz hain zuzen, bertako zein atzerriko sagardoak probatzeko aukera izango da. Ekitaldia irekia izango da herritar ororentzat. Afaritarako lekua hartzeko, Saizar sagardotegira deitu besterik ez dago: 943 373 995.