Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba eguna deitu du sektore publikoan, maiatzaren 31rako. ELA, LAB, STEE-EILAS eta ESK sindikatuek, kalitatezko zerbitzu publiko unibertsal eta doakoaren alde antolatu dute aipatu lan uztea. Espainiako Gobernuak hartutako neurriak ez aplikatzea eta orain arte onarturiko murrizketak indargabetzea eskatzen dute. Baita enplegua sortzeko politikak martxan jarri, politika fiskalak aldatu eta oinarrizko zerbitzu publikoak indartzea ere. Hitzez hitz, hauek dira greba deitu duten sindikatuen hiru eskaera nagusiak:
"1.- Ez ditzatela Madrilgo neurriak onartu eta aplikatu.
2.- Atzera bota ditzatela orain arte hartutako neurriak eta murrizketak, hala nola, Mahai Orokorretan ezarritakoak, sektore ezberdinetan inposaturikoak, aurrekontuen bidez egindako mozketak…
3.- Alda ditzatela politika fiskalak eta sustatu ditzatela zerbitzu publikoak, egun inoiz baino sendoagoak behar baititugu".
Joan den otsailaren 9an ere sektore publikorako lau orduko lan uztea deitu zuten. Egun hartan udaletxe atarian ateratako argazkia da ondokoa.