Enologo baten laguntzaz sagardoa dastatzeko aukera, maiatzaren 20an

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 8a, 00:00

Maiatzaren 20an ospatuko den XXXI. Sagardo Egunak zenbait aldaketa edo berrikuntza dakartza. Horien artean, ohi bezala, frontoian, Dema plazan edota Askatasuna plazan kokatuko diren postuetatik barrena osteratxo bat egiteko aukera izatearekin batera, Askatasuna plazako bola tokian, sagardoa enologo batekin dastatzeko aukera egongo da. Guillermo Castañosekin hain zuzen. Taldeka, bola tokian bertan dastatze saioetan parte hartu ahal izango dute herritarrek. 

Gogoan izan bestalde, Sagardo Egunaren Lagunak bilguneko kideek, maiatzaren 20ko jaialdiaren aurretik, Alemania eta bertako sagardo desberdinak dastatzeko aukera ere eskaini nahi dietela herritarrei, Saizar sagardotegian antolatu duten afariaren bidez. Otordua, hilaren 18an izango da. Fernando Vadillo enologoak gidatuko du saioa. Aipatu moduan, edonor joan liteke afarira. Edozein kasutan, badaezpada, aldez aurretik Saizar sagardotegira deitu nahi duenak, hauxe du bertako telefono zenbakia: 943 373 995.