Izen ematea irekita, Usurbil Cup txapelketan

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 8a, 00:00

Ostiralera arte, maiatzaren 10era arte, Usurbil FT-k antolaturiko Usurbil Cup txapelketan izen emateko aukera dago. 6-14 urte arteko haur eta gaztetxoek parte har dezakete: minibenjamin (LH 1-2), benjamin (LH 3-4), alebin (LH 5-6) eta infantil (DBH 1-2) mailako gaztetxoek hain zuzen. Apuntatzeko hain zuzen, antolakuntzak Oiardo Kiroldegian jarritako orriak bete behar dira, eta talde bakoitzeko 50 euro ordaindu. 

Txapelketa maiatzeko hirugarren asteburuan, hilaren 18an hasiko da. Aldaketarik ez bada, San Juanen bueltan amaituko da. Tartean, astebururo jardunaldiak burutuko dira, frontoian edota Oiardo Kiroldegian. Halere, antolakuntzaren asmoa txapelketa gune gehiagotara hedatzea da; besteak beste, iaz bezala ahal bada, Santuenea edota Artzabalera. Txapelketa hasi aurretik, taldeetako arduradunekin biltzeko asmoa du Usurbil FT-k. Ekimenaren zehaztasunei buruz hitz egiteko bilera deitu dute, maiatzaren 14rako, 19:00etan Artzabalen.