Apirilean Maialen Lujanbio bertsolaria gonbidatu zuten Artzabalera. Oraingoan berriz, gai jartzaile bat; Unai Elizasu. “Izan gai-jartzailea” izeneko hitzaldia eskainiko du maiatzaren 15ean, 19:30etatik aurrera Artzabalen. Bota Punttubak antolatu du ekitaldia eta hitzordurako sarrera doakoa izango da. Bertso eskolatik aurreratu dutenez, “ariketa praktikoak azalpenekin tartekatuko dira saio honetan”. Zehaztasun gehiago ere eman dituzte, “gai-jartzaile batek, gaia jartzerako garaian, garbi eduki behar du zer lortu nahi duen. Baina, zer da gauzak garbi edukitzea? Edo, nola jakin daiteke gaia ona edo txarra den? Ikastaroan saioa egituratzen ikasiko da. Horrez gain, gaiak sortzeko eta sailkatzeko prozesua irakatsiko da, eta baita giroa nola kudeatu ere. Saioa nola aurkeztu azalduko da, eta bertsolariei nola komunikatu ere bai. Intentzionalitatearen egokitasunaz ere ariko dira”.