Michelingo zuzendaritzak estatuko bere lau lantegietan aurkeztu duen Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) ez duela babestuko adierazi du LAB sindikatuak, prentsa ohar bidez. Jakitera eman dutenez, gai honen harira, bigarren bilera bat burutu zen atzo. Bilkuran bi jarrera nagusitu zirela dio sindikatu abertzaleak. Batetik, eurena, LAB sindikatuarena; euren esanetan, "Michelin egoera ekonomiko onean dago. Datuek horrela erakusten dute: 2011ean Michelin Taldeak 1.400 milioi euroko irabaziak izan ditu, aurreko urtean baino %39 gehiago eta aurtengo lehen hiruhileko fakturazioa %5 egin du gora. Irabaziak horiek izanik, LABek ez du onartzen zuzuzendaritzak EEE honekin egin nahi duena: bere ekoizpen gora-beherak langileen soldaten bizkar eta diru publikoaren bizkar uztea. Hau guztia kontuan izan da LABetik defendatu dugu EEEari aurre egiteko batasun sindikala eta langile borroka beharrezkoa dela; era berean, argi utzi dugu, ostiralean bertan adierazi bezala, LABek ez duela espedientea inolaz ere babestuko".
CCOO, UGT eta CSI-F sindikatuek ordea, atzoko bileran bestelako jarrera erakutsi zutela berri eman dute LAB sindikatutik. "Zentruarteakoan gehiengoa dutela baliatuz EEEa negoziatzeari eman diote babesa, soldatak konplementatzea eskatuz", adierazi dute. Hau dela eta, soldaten konplementazioari buruz hitz egiteko bilera bat deitu dute, etzirako, hilaren 11rako Arandan (Burgos).
Lasarten, 500 langileri eragingo dio
Michelingo zuzendaritzak joan den ostiralean aurkezturiko Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) maiatzean hasi eta iraila bukaera bitartean egongo da indarrean eta suspentsiozkoa izango da, hau da, ez dute inor kaleratuko baizik eta egun batzuetarako langabezira bidaliko dituzte langileak.
"Espedienteak estatu mailan 4.863 langileei eragingo die. Lasarteko lantegian gaur egun lanean ari garen 600 lagunetatik 500 langileei eragingo die eta Gasteizen berriz 3.200etik 1.700eri. Eragiten dien langileek gehienez jota 36 lan egun joango dira langabezira lehen esan bezala maiatzetik iraila bitartean, bakoitza lanean dagen tailerrak duen beharraren arabera. Adibidez Motoko gurpilak egiten dituen tailerrak 17 egun itxiko ditu eta Z izeneko beste tailer batek 33 egun, beti ere 36 eguneko topea errespetatuz", adierazi digute Lasarte-Oriako Michelin enpresako LAB sindikatuko ordezkariek.
2011n irabaziak izan zituen Michelinek
"Azken lan erreforma dela eta ez du langileekin inolako adostasunik behar enpresak baina datorren asteartean Lasarteko lantegiak biltzekotan geratu gara berriz ere gai honen inguruan hitzegiteko eta itxura denez kontua bertan isteko. Gure ustez lotsagarria da enpresaren jarrera ikusirik 2011ean talde osoak 1.462 milio euroko irabaziak izan zituela (aurreko urtean baino %39,3 gehiago) eta aurtengo lehen hiruhilabeteko fakturazioa %5a igo dela lehengo urteko epe berdinari alderatuta. Baita ere kontutan izan behar dugu langileak lehengo urtean eta aurten soldatak izoztuak izan ditugula eta gainera aurtengo urtea hasi denetik behar duguna baino lan egun gehiago egiten aritu garela 2009tik arrastaka genituen lan egun batzuen kontura. Orain, egoera ekonomiko orokorraren diskurtsoaz baliatuz Michelinek langileen eta diru publikoaren kontura irabaziak handitu nahian dabil", adierazi du LAB sindikatuak prentsa ohar bidez.