Bateragune auziaren epaia kaleratu dute. Auziperatuak ez dituzte absolbitu, Auzitegi Gorenak espetxe zigorra baino ez die murriztu Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaletari. Hamar urtetik sei urte eta erdira jaitsi die zigorra Otegi eta Diezi eta zortzitik sei urtera gainerako hirurei. ETAren aginduz Batasuna berregituratzea egozten die Gorenak zigortu guztiei. Auzitegi Nazionalak jarritako inhabilitazioari ere eutsi egin dio Gorenak. Hedabideen arabera, absoluzioaren aldeko eta epaiketa errepikatzearen aldeko bozka partikular bana egon da. Tartean, BERRIAren arabera, "ponentzia utzi zuen epailearena". Edozein kasutan, bost auziperatuen aurkako zigorrak mantendu ditu Auzitegi Gorenak. Hauxe beraz, auziperatuek aurkezturiko helegiteei Gorenak eman dien erantzuna.
Auziperatuak askatzeko deia udalbatzatik
Bateragune auziko bost auziperatuak aske uztea eskatu zuen udalbatzak, Usurbilgo Bilduk eta Aralarrek aurkeztu eta joan den martxoaren 27an gehiengo osoz onartu zen testuaren bidez. Eta beti ere, mozioak jasotzen duenez, "herritarren gehiengoaren eskaera kontuan hartuz". Bilduk eta Aralarrek aurkezturiko testuaren arabera, "ez Euskal Herritarren gehiengoak, ez eta nazioarteko iritzi publikoak ere, ez du ulertzen eta onartzen, Bateragune auzian kondenatutako bost Euskal Herritar hauek kartzelan izaterik. Ez du onartzen, sortu den egoera berri honen aurrean, espainiar estatuak urrats positiborik eman gabe gelditzerik". Lan politikoa egiteagatik atxilotuak izan zirela gogorarazten dute, "ziklo aldaketa ekarri duen lan politikoari ekiteagatik hain zuzen ere".