Agurtzane Solaberrieta, D3M-Askatasuna epaiketaz: "Beste garai bati dagozkion argudio eta jarrerak dira"

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 9a, 00:00

D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa abian da Madrilen. Saio gehienak burutu diren honetan, oraindik akusazioak ez du bi alderdiak ETArekin lotzen duten froga zehatzik aurkeztu. Auziperatuak berriz, lasai daudela adierazi berri dio NOAUA!-ri, Agurtzane Solaberrieta usurbildarrak. Epaiketa aurretik esandakoa berresten ari direla nabarmentzen du.

Animu aldetik oso ondo, lasai daudela adierazi dio Agurtzane Solaberrietak NOAUA!-ri. Egunotan, Bilboko manifestaldian, eta gero Euskal Herritik bereziki, baina baita Madrilen ere jaso duten elkartasuna izugarria izan dela dio, “egunero autobusak etorri dira, Usurbildik, Bilbotik, Gasteiztik…”.

Epaiketari dagokionez, bere esanetan, “epaiketa aurretik esanikoa berresten ari dira”. Batetik jarduera politiko bat epaitzen ari direla. Solaberrietaren esanetan, agerian geratu da baita, “Ezker abertzalean militatzen dugun kideak jasaten dugun jazarpen poliziala”. Guztiz salagarria, eskandalu bat bere esanetan. Eta epaiketan parte hartu eta kakotxa artean jartzen dituen peritu polizialen deklarazioak, bere garaian, D3M eta Askatasuna legez kanpo uzteko Auzitegi Gorenak prestaturiko txostenean oinarritzen direla gogorarazten du. Agerian uzten ari dira bere esanetan, “txostena bera”. Horregatik dio, epaiketan gertatzen ari dena, “dena dela interpretazioa”.

Jendaurreko agerraldi edota manifestazioak deitu edota hauteskundeetara aurkezteagatik, argi dio Solaberrietak, “horrek ez gaitu ETAko egiten”. Deialdiok egin dituztela eurek auziperatuek hasieratik esan izan dutela gogorarazten du gainera, lan politiko eta publikoa burutu baitute.

Usurbildarrak adierazi duenez, akusazioaren aldeko “argudioak entzutea gogorra da”. Bere esanetan, “beste garai bati dagozkion argudio eta jarrerak dira”. Eta argi du, espainiar estatuko “zenbait estamentu ez daudela konponbide faseari begira”.

Epaiketa amaituta sententzia noiz kaleratuko zain geratuko dira auziperatuak. Ez dakite noiz emango den ezagutzera, baina argi du Solaberrietak, “beste fase pertsonal batean sartuko gara”. Epaia kaleratu arte, egoera horrek bizimoduan ziurgabetasuna eragingo dietela baitio, ez baitakite absoluzioa jaso edo Fiskaltzak eskaturiko zigor eskaera bete beharko duten.

Gaur saiorik ez
Hasiera batean, epaiketak gaur jarraitzea aurreikusia zegoen. Baina ez, datorren astelehenean, maiatzaren 14an jarraituko du atzo hedabideek berri eman zutenez. Ez dago argi ezta, iragarri moduan, hilaren 18an edo lehenago amaituko den D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa.

Froga zehatzik ez
D3M eta Askatasunaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean burutzen ari diren epaiketaren lehen lau saioak paseak dira. Auziperatuak hilaren 3an, epaiketa abiatzean deklaratu zuten. Soilik defentsaren galderei erantzun zieten, eta guztiek D3M edota Askatasunan lan politiko eta publikoa egin zutela adieraztearekin batera, ETArekin inolako loturarik zutenik edota 2009ko hauteskundeetara ETAren aginduz aurkeztu zirenik ukatu zuten.

Azken egunotan, peritu gisa aurkeztu dituzten hainbat polizia nazional eta guardia zibilek deklaratu dute. Baina ez dute D3M eta Askatasuna ETArekin lotzen duen froga zehatzik aurkeztu. Hedabideek zabaldu dutenez, publikoki auziperatuek deklaratu zutena, eta aldez aurretik gizartean jakina zena baino ez dute argitzerik izan. Esaterako, D3M eta Askatasuna alderdiek 2009ko hauteskundeetara aurkeztu asmo zutela, urte berean Baltasar Garzonek debekaturiko manifestaldi bat antolatu zela edota jendaurreko agerraldietan parte hartu zutela. Horixe, gaurkoz 13 auziperatuei, tartean Agurtzane Solaberrieta usurbildarrari, egozten dietena.

Auziperatuek alderdi politiko eta eragile desberdinen babesa jaso dute egunotan; Amaiur koalizioa osatzen duten alderdiena, edo ERC-ko diputatuena esaterako. Baita herritarrena ere. Tartean, astelehen goizaldean Madrilera autobusez joandako usurbildarrena.

 

Egun osoko elkarretaratzeak larunbatean, "Epaiketa politikorik ez! Eskubide guztiak proiektu guztientzat" lemapean

Maiatzak 12, larunbata

11:00-21:00 Txandakako elkarretaratzeak Mikel Laboa plazan. Herriko talde, eragile desberdinek parte hartuko dute: sostengu taldeak, lagunek, udal ordezkariek, eragile desberdinek (Gernika-Usurbil, Herrira, Etxerat...), Ezker Abertzaleak, Kantu Jirak, ITAYA Gazte Asanbladak...

20:00-21:00 Elkarretaratze irekia, herritar ororentzat.

Deitzailea: Eskubide guztiak proiektu guztientzat taldea.